Bertso saioa egingo dute zapatuan, Ariatzan
Busturialdeko bertsolari gazteak izango dira protagonistak. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak zehaztu duenez, saiorako sarrera doakoa da, baina bertaratzeko sarrerak aldez aurretik eskatu behar dira.
Busturialdeko bertsolari gazteak plazara aterako dira, eta bertso saioa eskainiko dute Muxikako Ariatzako eskolan; zapatuan, 18:00etan jarri dute hitzordua. Antolatzaileek zehaztu dutenez, sarrera doakoa da, baina bertaratzeko sarrerak aldez aurretik eskatu behar dira. Horretarako, 680 14 63 51 telefono zenbakira deitu behar da.
Bertaratzen direnek Enare Muniategi gautegiz arteagarraren, Iker Uriarte bermeotarraren, Koldo Gezuraga gernikarraren eta Gorka Pagonabarraga durangarraren bertsoekin gozatzeko aukera izango dute.
Saioa Bizkaiko Bertsozale Elkarteak martxan jarritako Plazara! ekimenaren baitan kokatzen da. Gazteentzako bertso zirkuitua eskaintzea da ekimenaren asmoa, “gazteen plazaratzean eragiteko eta beraien arteko saretzea eta talde izaera indartzeko”.
Eskualdez eskualde antolatutako zirkuitua da honakoa. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kideek esan dutenez, eskualde bakoitzaren ardura da saioa prestatzea eta antolatzea. Iaz jaio zen Plazara!, baina bertan behera utzi behar izan zuten itxialdiaren eraginez.