Aurrez aurreko kirol ikastaroak martxan jarriko dituzte berriro
Martxoaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko diren zazpi ikastaro egongo dira aukeran Santanapen. 42 leku jarriko dira herritarren eskura, sei pertsonako talde txikietan.
Gernika-Lumoko kirol patronatuak aurrez aurreko kirol ikastaroei ekingo die berriro, koronabirusaren pandemiaren etenaldiaren ondoren. Hori horrela, martxoaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko diren zazpi ikastaro antolatu dituzte 16 urtetik gorakoentzat.
Pilatess, mantentze gimnasia, kardiobox, GAP, fitness funtzionala, hirugarren adinekoentzako ariketak eta biking dira prestatu dituzten zazpi ikastaroak. 42 leku jarriko dira herritarren eskura, sei pertsonako talde txikietan eta “espazio zabaletan” egingo diren jardueretan. Eskolak astean bi egunetan emango dira, goizeko eta arratsaldeko ordutegi desberdinetan, “ahalik eta herritar gehienen baldintzak betetzeko”.
Jarduera bakoitzerako erreserba bi egun lehenago egin beharko da, aldez aurretik hitzordua hartzeko plataformaren bidez; udalaren webgunean dago lotura.
Saioetara bakoitzak bere ur botila eta eskuoihala eramatea gomendatu dute kirol patronatukoek, baina eraman ezean, udalekoa erabili ahalko dela jakinarazi dute. Hala ere, erabili aurretik eta erabili eta gero garbitu egin beharko dira. Era berean, garbiketa eta higiene protokoloak mantenduko dituzte, bai sarbideetan, zein ikastaroak egiten diren lekuetan. Aldagelak ez dira egokituko.
Jon Lejarraga Patronatuko presidentearen esanetan, gernikarrek ariketa egiteko duten “gogoa eta horrek ematen dien onura” kontuan hartuta abiatuko dituzte ikastaroak: “Baina, batez ere, ikastaroei berrekingo diegu gure abonatuen, erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzeko baldintzak betetzen ditugulako, hori baita gure kezka nagusietako bat”.
Kuotak. Ikastaro horiek egin ahal izateko hurrengo aukerak daude: eguneko sarrera (3,05 euro) ordaintzea, 10 aldiko bonoa (28,45 euro) izatea edota hilabeteko bonoa (38,10 euro) edukitzea. Horiek Santanape kiroldegian erosi ahalko dira. Gainera, abonatua ez denak, sarrera ordaindu beharko du.
65 urtetik gorakoek %50eko deskontua izango dute, eta familia unitate bereko hainbat kidek ikastaroetan izena emanez gero, ikastaroa hasi baino lehen eskatutako deskontuak aplikatuko dira.
Informazio gehiago gura izanez gero, Santanape kiroldegiko 94 627 00 45 telefono zenbakira deitzeko aukera eskaini dute.