Herriko kaleak jantzi dituzte merkatariek, eta jendearen erantzuna "ona" izan da
Neguko merkatuko salmentak "oso politak" izan direla diote Merkatari Elkarteko kideek, "iazko neguko azokaren antzekoak". Herritarren ekarpenak eskertu dituzte merkatariek.
Gernika-Lumoko Merkatari Elkartuak antolatuta, neguko nerkatuak edo Winter Marketak udalerriko kaleak jantzi ditu barikutik astelehenera bitartean, eta balorazioa “positiboa” izan da.
“Azokak beste ikusgarritasun bat ematen die merkatarien produktuei, eta gernikarrak zein inguruko herrietako bizilagunak azokara gerturatu eta herriko merkataritza bultzatzeko apustua egin dute”, dio Naira Iturbe Gernikako Merkatari Elkartuak taldeko ordezkariak. Izan ere, neguko merkatuko salmentak “oso politak” izan dira, “iazko neguko azokaren antzekoak“.
Barikuan egun osoan zehar, zapatuan eguerdira arte eta astelehenean egun osoan zehar, herriko zazpi kale –Ocho de enero, Barrenkale, Adolfo Urioste, Santa Maria, Domingo Alegria plaza, Domingo Bernaola, eta Artekalea– produktu eta eskaintzekin bete zituzten merkatariek. Hiru egun horietatik, egun “on” bat herriko dena gehienek izan dutela dio Iturbek, baina salmententzako “egunik onena” zapatua izan zela azpimarratu du: “Barikuan eguraldi txarra egin zuen, eta ez zen askorik saldu. Zapatuan eta astelehenean, berriz, bai. Zapatua izan zen egunik onena. Zapatuko salmentak oso onak izan ziren. Astelehena ez zen zapatuan beste saldu, baina orokorrean pozik geratu dira merkatariak“.
Ostalaritza. Inauterien asteburua izateak eta ostalaritza zabaldu izanak ere “asko lagundu” die merkatariei. “Ostalaritza zabaltzeak asko lagundu du, asko-asko. Izan ere, merkataritza eta ostalaritza oso batuta daute. Batek funtzionatzen badu, bestea ere martxan dago. Biok elkarregaz batera joan behar gara”, azaldu du Iturbek.
Jendearen ekarpena ere eskertu dute merkatari elkarteko kideek, horrelako momentu gogorretan herriko establezimentuetan erostera animatzeagatik. “Gernikarrei eta inguruko bizilagunei eskerrak eman gura dizkiegu. Izan ere, gaur egungo egoera ekonomikoa ez da batere ona, eta herrian kontsumitzearen alde egin dute. Aurrera egiten gabiltza, eta balorazioa positiboa da”.
Kaleko azokak iraun dituen hiru egunetan, aparteko beherapenak izan dituzte merkatariek, eta ostalaritzan kontsumitzeko promozio bereziak ere izan dira. “Neguko denboraldiko arropa asko saldu da, eta udaberriko denboraldiko arropa asko ere erosi dute bertaratu direnek. Jendea udaberrian pentsatzen hasi da. Urte grisari amaiera eman eta kolorez janzteko gogoa dute, eta hori merkatarientzako ona da”, esan du Iturbek.
Aurrerantzean ere, “orain arte egin bezala”, herritarrei herrian kontsumitzen jarraitzeko eskatu diete, tokian tokiko merkataritza sustatzea ezinbestekoa baita.