Urdaibaiko arrano arrantzaleen termorregulazioa ikertu dute
Ikerketak erakutsi du Urdaibaiko arrano arrantzaleen mokoa, hankak eta atzaparrak inguruko airea baino beroago daudela beti. Hala, arrano arrantzaleen gorputzeko atal horiek beroa barreiatzeko eremu gisa balio dutela ondorioztatu du Ganteko (Belgika) unibertsitateko Svana Rogalla ikerlariak.
Ganteko (Belgika) unibertsitateko Svana Rogallak Urdaibaiko arrano arrantzaleei buruzko artikulu zientifiko bat argitaratu berri du. Hain zuzen, arrano arrantzaleek estres termikoa zelan erregulatzen duten aztertu du, Urdaibaiko arrano arrantzalea berreskuratzeko Urdaibai Bird Centerrek bultzatutako proiektuari esker.
Mundu osoan zehar dabilen migrazio-harraparia da arrano arrantzalea, bidai luzeak egiten dituena. Urdaibaiko arrano arrantzale gazteak, esaterako, Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik Senegaleraino joaten dira, bidaian zehar Saharako basamortua zeharkatuz eta tenperatura oso altuei aurre eginez. Eta estres termiko horri zelan aurre egiten dieten jakiteko ikerketa bat garatu dute Ganten, izan ere, hegaztiek ezin dute izerdirik bota, eta gainberotzea saihesteko beste mekanismo batzuen menpe daude.
Ikerketaren bitartez, arrano arrantzaleen irudi termikoek erakutsi dute euren mokoa, hankak eta atzaparrak inguruko airea baino beroago daudela beti. Hala, arrano arrantzaleen gorputzeko atal horiek beroa barreiatzeko eremu gisa balio dutela ondorioztatu du Ganteko Svana Rogalla ikerlariak. “Hanka eta atzapar handiek mokoak baino garrantzi handiagoa dute hegaztien erabateko bero-trukean, mokoa txikiagoa baita”, zehaztu du ikerlariak.
“Arrano arrantzale gazte horiek estres termikoari nola aurre egiten dioten ulertzeko, kamera termiko bat erabili dugu. Horri esker, hegazti gazteen gainazaleko tenperaturak neurtu ditugu hacking dorre batean”, azaldu du Rogalla ikerlariak. Teknika horrek lurrazaleko tenperaturaren neurketek beroa trukatzeko mekanismoak ulertzen laguntzen du: “Adibidez, inguratzen dituen ingurua baino hotzagoa den gainazal batek beroa irabazten du, eta beroagoa den gainazal batek, berriz, urtu egiten du”.
Irudi termikoek, gainera, agerian utzi dutela arrano arrantzale batzuek “zinta hotzago bat” garatu dutela buruan. “Ziurrenik tenperatura altuetan azalean zehar ura lurruntzean oinarritutako hozte-mekanismo baten adierazpenak dira buruko zinta horiek”, azaldu du ikerlariak.
Portaerari buruzko behaketek, berriz, erakutsi zuten arrano arrantzale gazteek “arnasestuka edo hegoak zabalduz” saihesten dutela gehiegizko berotzea, hain isolatuta ez zegoen sabelaldeko gorputz-beroa uxatzeko.
Ikerketaren zergatiak. “Arrano arrantzaleek beroari aurre egiteko erabiltzen dituzten estrategiei buruz ikasteak hobetu egin dezake hegazti horiek Saharako basamortua zeharkatzean ingurune-tenperatura oso altuei nola aurre egin diezaieketen ulertzea”, esan dute Urdaibai Bird Centerreko kideek. Gainera, arrano arrantzaleek tenperaturen igoera eta klima-aldaketarekin batera etorriko diren bero-boladak zelan jasan ditzaketen ulertzen lagun lezake.
Arrano arrantzaleetan beroa trukatzeko mekanismoei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, argitaratutako artikulua hurrengo estekan kontsulta daiteke; hain zuzen, 50 egunez egongo da eskuragarri: Ikerketa.
Artikulua Urdaibaiko arrano arrantzalea berreskuratzeko Urdaibai Bird Centerren proiektuaren emaitza da, eta zentroko kideak “pozik” daude euren proiektuak bestelako ikerketa “interesgarrietarako” balio izateaz: “Ikerketa horiek oso garrantzitsuak dira inguruko inguruneak zelan funtzionatzen duen ulertzeko”.