Nabarnizko udaletxe zaharreko teilatua eraberritzeko lanekin hasi dira
Urtarrilaren amaieran hasi zituzten obrak, eta bi hilabeteko epean amaituta izatea aurreikusi dute udal agintariek.
Udaletxe zaharreko teilatua eraberritzeko obrak hasi ditu Nabarnizko Udalak. Urtarrilaren amaieran hasi zituzten lanok, eta bi hilabeteko epean amaituta izatea aurreikusi dute udal agintariek: “Martxoaren amaierarako amaituta egotea espero dugu”.
Teilatu zaharra egoera “txarrean” zegoelako hartu dutela hura konpontzeko erabakia azaldu du Jose Antonio Maruri herriko alkateak: “Egoera txarrean zegoen, eta hegala ere jauzten zegoelako konponketa lanak hasi ditugu”.
Teilatua konpontzeaz gain, alturan igo eta teilatu azpia aprobetxatuko dute. “Teilatua gorago igoko dugu, eta teilatu azpia aprobetxatzeko beste solairu bat egingo da”, zehaztu du alkateak. Hori horrela, solairua inguratuko duen leihatea jarriko dute, baita isolamendu sistema ere: “Sistema mekanizatua izango da bertan jarriko dena”.
Gaur egungo beharrizanetara egokitutako lekua izango dela goiko solairua adierazi du Marurik, eta bukatuta dagoenean erabakiko dutela zein erabilera eman azpimarratu du: “Momentuz ez daukagu ezer erabakita. Teilatu berria egingo dugu lehenengo, eta gero erabakiko dugu zelako erabilera emango zaion. Bertan udaletxea jarri edo ez ere ez dakigu. Joango gara aztertzen”.
Diru laguntzak. Nabarnizko Udalak zehaztu duenez, obrak egiteko 89.967,00 euroko aurrekontua zehaztu zuten, eta lanak ordaintzeko laguntzak izan dituzte. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Lider programak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eman diote udalari laguntza. “Aldundiak 24.660,40 euroko laguntza eman behar zigun, baina azkenean 30.000 euro inguruko laguntza izan da. Eusko Jaurlaritzako programatik, berriz, 48.000 euroko laguntza eman digute”, azaldu du Marurik. Hala, guztira, 78.000 euro inguruko laguntza jaso dute.