Ordaindu gabeko aparkaleku sistema jarriko dute Askatasun Bidean
Kasinoko biribilgunetik Trake kaleraino doan errepide zatian egingo dute proba pilotua TAO sistemaren antzekoagaz. Ibilgailuek, gehienez, 90 minutu egon ahalko dute.
Hemendik aste gutxira, saihesbidetik herrigunera sartzeko aukera egongo da Tellaetxe Tar Josu kaletik, eta era berean, herriko hainbat kaleetako zirkulazioa berrantolatu egingo da. Esate baterako, Askatasun Bideko zati batean ibilgailuek bi noranzkoetan joango dira aurrerantzean, Kasinoko biribilgunetik Trake kaleraino. Gune horretan, hain justu, Bermeoko Udalak ordaindu gabeko aparkaleku sistema bat ezarri gura du, TAO sistemaren antzera funtzionatuko duena.
Hirigintzako zinegotzi Idoia Platasek azkenengo udal osoko bilkuran esan zuenez, hamalau aparkaleku inguru egongo dira. Hain zuzen, merkataritzako ordutegian egongo da martxan, eta jarriko duten makinan txartela hartuta, ibilgailuek, gehienez, 90 minutu egon ahalko dute aparkatuta.
Aipatu proba pilotu hori martxan jarri ahal izateko, hala ere, udalerriko bide publiko jakinetan ibilgailuen aparkaleku mugatua arautzeko ordenantza onartu behar du udalak, eta joan den barikuko osoko bilkuran eman zioten hasierako onarpena. Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) zinegotziek alde bozkatu zuten, EH Bilduk aurka bozkatu zuen, eta Guzan, berriz, abstenitu egin zen.
Platasen arabera, inguru horretan “aparkaleku arazoa handia” dela nabaria da, eta dioenez, merkatarientzako ere arazo bat da: “Aurretiaz pentsatuta geneukan mota horretako sistema bat jartzea. Orain, Askatasun Bidean margotze lanak egin eta seinaleak jarri behar direla baliatuta, momentu ona dela uste dugu”. Udalarentzat, gainera, ez duela kostu handirik suposatuko esan du, Tellaetxe Tar Josu kaleko lanen baitan sartutako proiektua baita: “Garestiena eguzki energiaz baliatuta funtzionatuko duen makina da”. Kontrola Udaltzaingoak egingo du.
Aritz Abaroa alkatearen arabera, “aukera” modura planteatu behar den proiektua da, “gune komertzial bat indartzen laguntzeko”. Beharrizan bati erantzuna ematen dion alternatiba bat izan daitekeela uste du. Proiektua, gainera, merkatari, administratzaile eta hainbat auzokideekin kontrastatu dutela dio. Argi utzi gura izan du, hala ere, proba pilotua izango dela, eta dohainik izango dela. Ondo joango balitz, aukera legoke herriko beste leku batzuetan sistema bera ezartzeko.
Mugikortasun Plana. EH Bilduko zinegotziek ordenantza hasieraz onartzearen aurka bozkatu zuten. “Esaten da Bermeon aparkaleku falta dagoela, baina ez daukagu horren argi. Ez dakigu zeintzuk diren datuak eta ze diagnostiko egin den hori baieztatzeko”, esan zuen osoko bilkuran Jokin Lapaza zinegotziak.
Beste alde batetik, Mugikortasun Plana egiteko dagoela esan zuen, eta legeak eskatuta, aipatu plana otsailaren 28rako amaituta egon behar dela gogorarazi: “Mota horretako ordenantza bat onartu orduko, uste dugu ondo legokeela Mugikortasun Plana egitea. Modu horretan, alde batetik, ikuspegi orokor batetik aztertu ahalko litzateke zein den mugikortasunaren egoera, eta bestetik, gura dugun erredu motari buruz eztabaidatzeko aukera edukiko genuke”.
EH Bilduk, hala eta guztiz ere, merkataritza sustatzeko oinezkoen gunearen aldeko apustua egiten duela esan zuen.
Azkenik, parte hartze falta salatu zuen.
Otsailaren amaierarako. Udalak jakitera eman duenez, otsailaren amaierarako amaituko dituzte herriko sei kaleren (Tellaetxe tar Josu, Erreinezubi, Askatasun Bidea, Artike Bidea, Almika Bidea eta Ander Deuna kalea) eta saihesbidearen arteko zirkulazioa antolatzeko bidegurutzeko obrak.
Zirkulazioa zuzentzeko, semaforo sistema berria ezartzen ari dira, eta gainera, herriko hainbat kaleetako zirkulazioa berrantolatuko da.
Lan horiei esker, herriko irisgarritasuna nabarmen hobetuko dela uste dute udal arduradunek, eta ondorioz baita ere herritarren bizi kalitatea.