EuskarAbenturarako atzera kontaketa hasi dute
Martxoaren 12a da hautagaitzak bidaltzeko azkenengo eguna.
Osasun larrialdiaren ondorioz, 2020ko udan ez zuten oinezko espediziorik egin, eta EuskarAbenturaren 3. edizioa 2021era atzeratu zuten. Aurten, beraz, “osasun egoerak ahalbidetuz gero”, uztailean, motxilak soinean hartu eta Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatuko dituzte parte hartzaileek.
2004 eta 2005 urteetan jaiotako gazte euskaldunek parte hartu dezakete. EuskarAbentura Elkarteko arduradunen esanetan, “sare euskaldun baten parte izateko irrikaz” daudenei zuzenduta dago.
Parte hartzeko www.euskarabentura.eus webgunean izena eman eta proiektu bat aurkeztu behar da. Proiektuagaz batera, aurkezpen bideo bat ere bidali behar da.
Proiekturako zehaztu dituzten hiru gaietako bat aukeratu behar da: Baserritik sardexkara, klik eta post edo Adina, jakintzaren iturri. Gai horiei buruzko lanak egiteko sei formatu daude aukeran; proiektua historikoa, literarioa, ikus-entzunezkoa, plastikoa, musikala edo sormen digitala izan daiteke.
Proiektuen ezaugarriak eta baldintzak zehaztuta daude EuskarAbenturaren web orrialdean, bai eta eta horiek egiteko lagungarria den informazioa ere. Martxoaren 12a da hautagaitzak bidaltzeko azkenengo eguna, eta parte hartzaileen zerrenda apirilaren 23an argitaratuko dutela esan dute antolatzaileek.