Bisita berezia, euskal gizartean emamumeek izan duten eragina ezagutzeko
Emakumeek bizitzaren eta gizartearen arlo ezberdinetan izan duten papera erakutsiko du Euskal Herria museoak otsailerako eta martxorako antolatu dituen bisita gidatuetan; euskaraz eta gazteleraz eskainiko dituzte.
Museotik paseo berezia eskainiko du Euskal Herria museoak otsailean eta martxoan. Hain zuzen, Emakume artean paseatzen bisita gidatua da bi hilabeteotarako prestatu duena.
Gizartearen arlo ezberdinetan emakumeak izan duen parte-hartzea azaleratzea du helburu museoak ekimen horrekin. Alegia, politikan, erlijioan edo ekonomian subjektu aktibo gisa izan duen parte-hartzea; kultura-sorkuntzan duen presentzia; bere borondatez bete dituen rolak eta lanak zeintzuk izan diren, eta baita egitera behartuta izan dituenak ere. Era berean, euskal gizartearen tradizioen transmisore lanak egin dituzte emakumeek eta memoria kolektiboa bultzatu dute. Lan guzti hori ere erakutsiko du otsailaren 7an hasi eta martxoaren 28a bitartean eskainiko dituzten bisita gidatuetan.
Euskal Herriko historian ezagunak diren emakumeak gutxi izan arren, haien egitekoa erabakiorra izan da lurralde hau eraikitzeko orduan, eta hori ere agerian utzi nahi du museoak. Bisitetan aurkeztuko dituzten emakume denak, baina, ez dira euskaldunak. Bisita ematean, museoko langileen ahotik emakume horien lana eta funtsezko erabakien berri izango dute bisitariek: erreginak, kirolariak, artistak edota emakume langile anonimoak dira aurkeztuko dituztenak.
Herritarrek bisita egiteko bi hizkuntza izango dituzte aukeran: euskara eta gaztelera, eta aldez aurretik erreserba egin behar da: 94 625 54 51 telefonora dituta edo euskalerriamuseoa@bizkaia.eus-era idatzita.
BISITAK:
Euskaraz. Otsailaren 7an eta 21ean eta martxoaren 7an eta 20an.
Gazteleraz. Otsailaren 13an eta 28an eta martxoaren 14an eta 28an.