Yemengo gerraren aurkako nazioarteko aldarria
Yemengo gerraren aurka egiteko eta bertako biztanleei elkartasuna adierazteko nazioarteko eguna izan zen astelehena. Eta aldarriagaz bat egin zuten Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundurak.
Yemengo gerraren aurka egiteko nazioarteko eguna zen astelehenekoa, eta hala egin zuten milaka pertsona eta erakundek. Hain zuzen ere, Estatu Batutako, Britainia Handiko, Kanadako, Frantziako, Italiako eta munduko beste hainbat leku batzuetako pertsona eta erakundek egin zuten bat nazioarteo aldarriagaz. Gerragaz amaitzea eskatzeaz gain, bertako biztanleekiko elkartasuna eskatu zuten.
Saudi Arabiak 2015etik Yemenen kontra egindako bonbardaketak eta blokeoak “dozenaka milaka pertsona hil eta herrialdea suntsitu” duela dio Nazio Batuen Erakundeak: “Munduko krisi humanitario handiena da”. Yemengo biztanleen erdiak gosetearen atarian daudela dio erakundeak, eta herrialdeak historiako eta munduko kolera agerraldi handiena duela azpimarratu du. “Gaur egun, gainera, COVID-19ak eragindako heriotza tasarik okerrenetakoa du munduan: positibo diren lau pertsonatik bat hiltzen da”. Pandemiak, gainera, giza laguntza desagerrarazi duela dio.
Hori horrela izanda ere, gerra ez da gelditu: “Gerra hori bizirik dago eta ez da inon agertzen. Nazioarteko kanpainaren bitartez, gerra dagoela ezagutarazi eta salatu gura dugu”.
Hondamendia “gizakiak eragindako lana” dela diote Gernikatik Mundurako kideek: “Gerra mendebaldeko herrialdeek, eta, bereziki, Estatu Batuek eta Erresuma Batuak, Saudi Arabia armatzen eta laguntza militar, politiko eta logistikoa ematen jarraitzen duelako bakarrik da posible”. Hori horrela, gelditu daitekeela uste dute. Hala, gobernuei eskatu diete Yemengo gerra gelditzeko “lehenbailehen”, eta gerra armekin hornitzeari uzteko. Halaber, Yemenen ezarritako portu eta aireportuen “blokeoagaz” amaitzeko eskatu dute, eta herrian giza laguntza berrezartzea eta handitzea ere “premiazkoa” dela diote.
Bertsoa, gerraren kontra. Kanpainagaz bat egin dute Gernikan, eta Astra arma fabrika zaharrean eta Picassoren Guernica artelanaren aurrean, zine-foro bat eta ekintza poetiko bat egin zuten. Bertan, Euskal Herriko eta Europako portuetako armen trafikoa salatu eta Yemengo gerra amaitzea eskatu zuten.
Koldo Gezuraga Lilibertsoko kide gernikarrak bota zuen bertsoa:
Orain zer esan? orain zer sortu?
pantaila baten ertzetik
ahaztu dugun lur zati horrek
hainbeste badu beltzetik
edangarri den uretik edan
edo edan ametsetik?
zeru gordinak, odol putzuek
bota dituzte etxetik
zer egin behar dugu ustezko
demokrazia gunetik
arma salmentak hemen zilegi
egin ditugun unetik?
europear ta zuria izanda
pizten zaigun hutsunetik
gauzak zein hurbil ikusten diren
gure urruntasunetik
Gu gaude hemen eta hor Yemen
batek su, besteak tira
irudi ilun hoiek ikusiz
bihotzak uzkurtzen dira
duintasunaz mintzo direnek
horrenbeste tirabira
oxala beti ospitalera
eurak joango balira
ez dagoela txarrik ez onik
heldu da mahai erdira
Jaurlaritzako arduradunak
zer dio horren harira?
estatu espainol zikina ere
ori galdetzen ari da
maltzurra zein den baietz igarri
ispilu bati begira