Aurtengo inauteriak bertan behera utzi ditu Gernikako Udalak
Udal agintariek ziurtatu dutenez, pilaketak saihestea "ezinbestekoa" da bizilagunen segurtasuna, osasuna eta ongizatea bermatzeko.
Gernika-Lumoko Udalak otsailaren 12an hasita eta otsailaren 16ra bitartean ospatzekoak ziren inauteri jaiak bertan behera uztea erabaki du, COVID-19ak eragindako osasun egoeraren ondorioz.
Udal agintariek ziurtatu dutenez, pilaketak saihestea “ezinbestekoa” da bizilagunen segurtasuna, osasuna eta ongizatea bermatzeko. Hori horrela, jaiek edo jende kontzentrazio handiek sortzen dituzten jarduerak ez antolatzea erabaki dute, “osasun egoera egokia izan arte”.
Jokin Garatea Gernika-Lumoko Kultura zinegotziaren esanetan, egungo testuinguruan, “zalantzarik barik”, ezinezkoa da karnabal jaiak orain arte bezela ospatzea: “Zentzudunak izan behar dugu eta zuzen jokatu. Izan ere, hurbilekoen zein udalerriko herritar guztien ongizatea zaindu behar dugu”.