Eskolartekoa, plazaz plaza
Euskal Herriko Eskolartekoan aritu behar zuten bertsolarientzako 'Eskolatik Plazara' saioak prestatu dituzte Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak. Lehenengo saioa barikuan egingo dute Gernika-Lumon.
Euskal Herriko Eskolartekoan ezin arituta, Eskolatik Plazara saioak izango dituzte aukeran Euskal Herriko Eskolarteko finalera sailkatutako bertsolari gazteek. Lehenengo saioa Gernika-Lumoko Astran egingo dute, barikuan.
Ekainean ospatzekoa zen Euskal Herriko Eskolarteko bertsolari txapelketa, baina hitzordua atzeratu zuten azarora. Saiakera hori ere ezin izan zuten egin, osasun egoera tarteko. Hala ere, lurraldeetan saioak burutu zituzten, eta horietako bakoitzean erabaki ziren Euskal Herrikoan parte hartuko zuten gazteak zeintzuk ziren.
Hori horrela, Plaza eskaini gura izan diete Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak, eta Eskolartekoko parte hartzaileak egungo plazetan aritzen diren bertsolariekin elkartuko dituen proposamena prestatu dute: “Eskolartekoaren helburua bertsotan hasi berriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da, euren belaunaldia zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen urratsak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen”.
Hori horrela, finalean kantatzekoak ziren hamar bertsolari gazteei ikusgarritasuna eman nahi diete, “Eskolartekoa bertsolari gazteentzako bultzada handia izaten delako eta gazteen plazaratzea lehentasunezko apustuetako bat delako”.
Lehenengoa, Gernikan. Barikuan izango da lehenengo saioa Gernika-Lumon. 18:00etatik aurrera Astran ariko dira Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskolartekotik sailkatutako Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga. Eurekaz batera, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio ariko dira bertsotan eta saioa zuzentzeaz arduratuko da Igor Menika.
Bigarren saioa Iruñeako Antzerki Eskolan egingo dute, Arabako eta Nafarroako Eskolarteko ordezkariekin: Eukene Los Aires, Aitor Ugarte, Ekhiñe Zapiain eta Bittori Elizalde. Eurekaz batera, Alaia Martin eta Julio Soto ariko dira eta Josu Sanjurjo ariko da gai jartzaile lanetan. Hirugarren saioaren xehetasunak oraindik ez dituzte kaleratu.
Saioa doakoa da baina saioak ikusten joateko, www.bertsozale.eus webgunean dagoen izen-emate orria bete beharko da.