Haurreskolak Partzuergoko grebak "jarraipen handia" izan duela diote sindikatuek
Sindikatuen arabera, grebak %65eko jarraipena izan du. Egoera konpondu ezean, eguaztenean, otsailaren 22an, 23an eta 24an ere mobilizazioekin jarraituko dute.
Haurreskolak Partzuergoko sindikatuek deituta, haurreskoletako langileek euren aldarrikapenak eroan dituzte hiriburuetako kaleetara. LAB, Steilas eta ELA sindikatuetako ordezkariek diotenez, grebak %65eko jarraipena izan du.
Sindikatuek langileen grebak “jarraipen handia” izan duela azpimarratu dute: “EAEko Lan Sailak ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuek eta Haurreskolak Partzuergoko gerentziak greba desitxuratzeko egindako ahaleginek ez dute langileen borroka geldiarazi”. Horrez gain, familiek eta hezkuntza komunitateak langileekiko eta haurreskolen proiektuarekiko erakutsitako atxikimendua eskertu dute. “Eskerrak eman nahi dizkiegu, oztopo guztien gainetik, mobilizazioetan parte hartu dute edota euren sustengoa adierazi diguten langile, familia eta udalei”.
Gaur Haurreskolak Partzuergoko lehen greba eguna izan da, baina beste la greba egun deitu dituzte sindikatuek, hurrengoa etzi (urtarrilak 27); Gasteizen, Lakuako atarian 11:30ean batzeko deia egin dute. Egoera konpondu ezean, otsailaren 22an, 23an eta 24an ere mobilizazioekin jarraituko dute.
Eskaerak. Sei dira sindikatuek gaur kaleratu dituzten aldarrikapen eta eskaerak. Haurreskolak partzuergoa doakoa izatea eta Hezkuntza Sailean integratzea eskatu diote Jaurlaritzari. Halaber, indarrean dauden akordioak “errespetatzea eta betetzea” eta lan hitzarmen berria negoziatzen hastea aldarrikatu dute. Gainera, langileen behin-behinekotasun tasarekin amaitzea eskatu dute, “lanpostuak egonkortuz”.urrekontua handitzea eta Osakidetzak langileak babesteko materialen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea aldarrikatu dute.
Halaber, 0 eta 3 urte bitartekoen hezkuntza zikloaren garrantzia aitortu dute: “Jaiotzatik hezkuntza eskubidea izatea aldarrikatzen dugu. Horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugu sindikatuok”.