Elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiteko deia
Eguraldi txarrari aurre eginez, presoen eskubideen aldeko pausoak eman zituzten zapatuan, Busturialdean. "Salbuespenezko neurriak" aldatzeko garaia dela aldarrikatu zuten herriz herri.
Presoen eskubideen aldeko pausoak eman dituzte Busturialdean. Herriz herri, ehundaka lagun batu ziren zapatuan eskualdean, eta eguraldi txarrari aurre eginez, “salbuespenezko neurriak” aldatzeko garaia dela aldarrikatu zuten.
“Bizipen anitzeko eta pentsamendu ezberdineko ehundaka lagun batu gara, minak eta esperantzak barnebiltzen ditugunak. Baina guztiak ditugu gogo eta nahi berdinak: bidean aurrera egitea. Etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidean aurrera egitea hain zuzen”, azaldu zuten Sareko kideek zapatuan. Azken urteetan aurrerapauso ugari eman dira, enpatia eta giza eskubideak oinarri hartuta: “Bizipen anitzeko norbanakoen ahaleginari arlo sindikal, instituzional, sozial eta politikoekin eratorritako adostasun eta etorbideek egin diote ekarpena”.
Arratzun, Busturian, Ean, Elantxoben, Foruan, Ibarrangelun, Gernikan, Muxikan eta Nabarnizen mobilizazioak egin zituzten herritarrek. Bidea gara lelopean atera ziren kalera. Nor bere eran. Baina bide berberaren baitan: etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidean.
A Lama espetxera martxa sinbolikoa irudikatu zuten Busturian, eta Kepa Arronategiren egoera gogorra ekarri zuten gogora Ean. Izan Bidearen pankartaz gain, ‘Bizirik eta sano gura dugulako, Kepa etxera’ zioen pankarta atera zuten.
Bidean emateko urratsak. Elkarbizitzarako nahia agerian utzi dute herritarrek, baina horretarako salbuespeneko espetxe politika “behin betiko amaitzea” beharrezkoa dela aldarrikatu zuten. “Ezinezkoa da aurrera egitea oraindik heriotzak eta sufrimenduak sortzen dituen egoera hau aldatu gabe. Ezin da aurrera egin senideak, haurrak eta adineko pertsonak zigortzen dituen urruntze politika aldatu barik”.
Frantzian eta Espainian azken hilabeteetan eman diren aldaketak konponbiderako “garrantzitsuak” dira. “Presoen lekualdatze eta gerturatzeek jarrera aldaketa bat ematen ari dela erakusten dute. Nahikoak izan ez arren, aukera badela, bidea badela erakusten digu horrek”. Bidea egitearen aukera hori “finko” bilakatu gura du Sarek, “badagoelako zer ibili”.
Hala, elkarbizitzarako bidean eman beharreko urratsak zehaztu zituzten. Euskal presoen herriratzea eskatu zuten, “urruntze politikarekin behingoz amaitu eta senideei ezarritako zigor erantsia eten dadin”. Euskal preso guztiei gradu progresiboa ahalbidetzea ere beharrezkotzat jo zuten, preso guztiek jarraitu beharreko birgizarteratze eta etxeratze prozesua ahalbidetzeko.
“Larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea ere eskatzen dugu, senideen babes eta konfiantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko”. Halaber, adinez nagusiak diren presoen etxeratzea aldarrikatu zuten, euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz.
Aita, ama edo biak espetxean dituzten motxiladun haurrei ere egin zieten erreferentzia, eta gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea eskatu zuten. Baita preso diren pertsonek guraso izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea ere.
Euskal presoek Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean kontutan hartzea aldarrikatu zuten, zigorren batuketa egiteko eskatuz.