Marijesiek "esker ona" adierazi dute
Gernikarrek zentzunez jokatu, jardun, kantatu eta entzun dutela azpimarratu dute Gernikako Marijesiek.
Aurtengo Gernikako Marijesiak “sinbolikoak eta apartekoak” izan dira. Geldi-geldian kantatatu dute, maskara jantzita eta distantziak gordeta. Egunero 14-15 pertsonako taldeek bete dute “legea”.
Bederatzi egunetan guztira 27 lekutan kantatu dute, eta “parkamena eskatu” dute etxe guztietara ez heltzeagatik: “Dana ezin izan dugu egin”. 6:15etan hasi dituzte marijesiak bederatziurrenean zehar, eta leku bakoitzean bederatzi kopla kantatu dituzte.
Gernikarren jokabidea eskertu dute, “marijesien era bitxi hau ulertu eta errespetatzeagatik”. Hori horrela, gernikarrek zentzunez jokatu, jardun, kantatu eta entzun dutela azpimarratu dute: “Denon artean marijesiak zaindu ditugu, eta baita osasuna ere. Eskerrak eman behar ditugu bederatziurrena hain zintzo eta zorrotz betetzeagatik”.
Etxetik, ohe epeletik, Marijesiak entzun dituztenak edota leihora irten direnak “asko estimatu” dituzte, eta euren jardunean “indarra” eman dietela onartu dute Gernikako Marijesiek.