Gabonetan erkidego batetik bestera joatea baimenduko da, familiarekin elkartzeko bada
Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean egongo dira indarrean atzo adostu zituzten neurriak. Dena dela, horien inguruko xehetasunak emango ditu Iñigo Urkullu lehendakariak abenduaren 10ean.
Joan den astean akordiorik gabe bukatu zen Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako osasun agintariek, COVID-19a kontrolpean izate aldera, Gabonetako plan bateratu bat ontzeko egin zuten bilera; baina atzo [abenduak 2] bat etorri ziren.
Gabonetako familia topaketetara begira, baimendu egingo dira Gabonetako jaiegunetan (abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra) erkidego batetik bestera joateko bidaiak; Urtezahar gauean eta Gabon gauean 01:30 arte etxeratu beharrik ez da egongo; familia topaketetan, oro har, hamar pertsona baino gehiago ez elkartzeko irizpidea emango da, eta bertan behera geratuko dira Olentzerori ongietorria emateko egiten diren ekitaldiak eta Erregeen desfilea. Eta egitekotan, horiek estatikoak izatea adostu dute. Gabonetako usadiozko ospakizun guztiak ere bertan behera uztea adostu dute, “jende pilaketak saihesteko”. Gabonetako egunetan, beraz, oporretan ere ezingo da joan kanpora.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik poza adierazi du akordioaren harira. Herritarrek hartzen diren neurrien artean “koherentzia” dagoela sentitzeak berebiziko garrantzia duela nabarmendu du. Dena dela, neurrien inguruko xehetasunak emango ditu Iñigo Urkullu lehendakariak abenduaren 10ean.