Busturialdeak irabazi du Bertsolari Gazteen BBK sariketa
Eskualde guztietako bertsolari gazteek egindako lanagaz "asko gozatu" dutela aitortu dute Busturialdekoek.
Bilboko BBK salan jokatu zen atzo Bizkaiko Bertsolari Gazteen 28. BBK sariketaren finala. Busturialdeko, Lea-Artibaiko, Durangaldeko eta Hego Uribeko taldeak lehiatu ziren, eta, azkenean, Busturialdeko bertsolariek batu zituzten puntu gehien. Beraz, eurak dira aurtengo irabazleak.
Hain zuzen, Iker Uriarte, Asier Galarza eta Koldo Gezuraga izan ziren eskualdeko ordezkariak oholtza gainean. Lan bikaina egin zuten.Eskualdeko gaztetxoenek ezin izan zuten Bilbon kantatu eta bideo bidez bidali zituzten bertsoak.
Hirurak dira eskualdeko eta inguruetako bertsolari gazteak biltzen dituen Lilibertso taldeko kideak, eta eskualde guztietako bertsolari gazteek egindako lanagaz “asko gozatu” dutela aitortu dute: “Asko gozatu dugu eskualde denetako bertsolarien erakustaldiekin. Azkenean, geuk lortu dugu garaikurra eta, zelan ez, asko pozten gaitu horrek, gazte bertsolariak oholtzan ikusteak beste”. Aipamen berezia egin diete atzo kantatu ezin izan zuten gaztetxoen taldeko Busturialdeko bertsolariei: “Zuena be bada lehenengo postua”.
Halaber, kulturaren alde Bertsozale Elkarteak egindako lana eskertu dute.
Bestalde, aurten lehenengoz, finaleko kantaera onenaren saria banatu zuten, eta Iruri Altzerreka Durangaldeko bertsolariak jaso zuen garaikurra.
Atzokoan Xabier Enbeitak egin zituen aurkezpen lanak. Epaimahaia, berriz, Juanjo Respaldizak, Josu Telleriak eta Beñat Romerok osatu zuten. Idazkari lanetan, ostera, Idoia Anzorandia aritu zen.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, bere aldetik, sariketan parte hartu duten guztiak zoriondu ditu: “Zorionak BBK sariketan parte hartu duzuen guztiei. Bereziki bertsolariei, gai jartzaile taldeari eta epaile taldeari”.
Ezohiko txapelketa. Taldekako formatuan egin da lehiaketa, eta guztira 48 bertsolarik parte hartu dute sailkapen probetan. Martxoaren 3an hasi zen lehia, eta lau sailkapen proba jokatu ondoren, pandemiaren eraginez, bertan behera utzi behar izan zuten arduradunek. Egoeraren bilakaera ikusita, finalaurrekorik ez, eta finala jokatu zuten kanporaketetan sailkatutako lau taldeen artean.