Bizipoza eta musikarako grina partekatzeko gaitasuna daukate Aiamak eta Aneguriak
Hiru abestiz osatutako EPa kaleratu berri dute asteon Aiama eta Aneguriak: 'Hemen eta Orain'. Ene bada! izeneko hiru urteko proiektuan buru-belarri murgilduta dabiltza.
Ene Bada! izeneko hiru urteko birarako batu dira Aiama eta Aneguria bakarlariak. Amaia Izarzugaza musikari eta abeslari bermeotarrak musika latindarra, brasildarra eta jazza egin ohi izan ditu. Ane San Miguel bilbotarra, berriz, rap abeslaria da. Biek batera, fusio berezia egiten dute.
Beraien bizipoza eta musikarako daukaten grina partekatzeko gai dira gau zein egun; familiartean musika entzuteko zein gautxorientzat balio du horien eskaintzak. “Samurtasunetik eta surrealismotik, ahal duten hoberena eginez”, zuzeneko desberdinak “apropos” diseinatzen saiatzen direla diote.
Astelehenean kaleratu zuten hiru abestiz osatutako EP bat: Hemen eta Orain. Azaroaren hasieran kaleratu zuten lehenengo single-aren izen bera darama EPak. Orokorrean, gizartean eta indibidualki bizitzeko, euren ustez momentu honetan funzionatzen dituzten jarrerak islatu gura izan dituzte abesti horretan.
Marchate izena du bigarren single-ak. Amorrua, haserrea, maitasuna… nahasten dituzte abesti horretan, “gorabehera emozionalak” azaldu asmoz.
Astelehenean zabaldu zuten hirugarren single-a ere: Beste behin. Familiak eta bikotekideak norberarena den “pasio arriskutsu” baten aurrean arriskua eta beldurra nola kudeatzen duten kontatzen du letrak. Abesti horretako instrumentala egiteko Aimar Setien Irungo kulto kultivo musika taldeko kidearen laguntza eduki dute.
Gainontzeko guztia, letra, melodia… Aiama eta Aneguriaren esku dago. Diotenez, autoekoizpenetik, ahizpatasuna erabili dute, amatasunean, Euskal Herriko musika industrian jarraitzeko.
Beste lau abesti martxan. Interneteko musika plataforma gehienetan entzungai daude Aiama eta Aneguriaren abestiak, erabiliena, hala ere, Spotify dela uste dute.
Amaitzeke daukaten beste lau abesti ere badauzkate; grabaketa lanak egitea falta dute. Lau horiek osotasunean eurak sortutakoak direla dio Izarzugazak, “beste inoren base barik”. “Pianoan egindakoak dira, eta bien artean konposatutakoak”. Berritasunak ere sartu gura dizkiete. Orain arte landu ez duten reggaeton doinuren bat barneratzea baitute asmo.
2019an abiatu zuten hiru urterako aurreikusi duten Ene Bada! bira, tartean ama izan dira biak, eta musika egin gura izan dute amatasunetik.
Izarzugazaren esanetan, diskoa grabatu gura dute, baina curriculum modura geratzeko bakarrik: “Abestiak egiten joango gara, eta zuzenekoak egiten joatea ere bazen asmoa, nahiz eta hori orain zaila den. Amaierarako aurreikusten genuen diskoa grabatzea. Ez genuen ohiko formatua jarraitu gura, hau da, lehenengo diskoa kaleratu eta gero aurkezpen bira egin”.
Pandemiaren eraginez, sormen lan gehiago egiten dabiltza, abesti berriak lantzen dabiltza beste ekoizle baten baseak erabilita. Ideia, hala ere, kolaborazio desberdinak bilatzea zen, ondoren, amaieran, denak batzeko amaierako proiektu horretan. Tartean, zuzeneko kontzertuak eskaintzea zen asmoa, “gauzak, baina, beste bide bat hartu dute”. Hiru urterako proiektua aurreikusita bazeukaten ere, “luzatu” egingo dela uste du Izarzugazak; “ez digu astirik emango eta”, gehitu du.
2018an hasi ziren elkarrekin lanean: “Bata zein bestearen abestiak hartu eta batera egiten genituen kontzertuak”. Bakarlari modura musikagintzan pairatzen dituzten “egoera desatseginen aurrean” eta “sentitzen duten hauskortasun profesionalari ekiteko” batu ziren.
Bata Bermeon bizi da, eta bestea Bilbon. Hala ere, batera lan egiteko moduak bilatu behar dituzte: “Skype bidez bideo deiak egiten ditugu. Barikuetan Bilbon batzen ere egon izan gara. Bariku goizetan laneko batzarrak nituen Bilbon, eta Anegaz uzten nuen semea. Tarte horiek baliatuta batzen gara. Orain, hala ere, ez daukat zertan barikuro joan behar, eta skype bidez egiten dugu. Ea gauzak normaltzen diren, Ane Bermeora etortzeko prest ere badago eta”.
Orain arte egindakoa jendearen “gustukoa” izan dela uste dute. Izarzugazaren arabera, Hemen eta Orain! izan da orain arte abestirik arrakastatsuena. “Pozik” daude, gainera, Gaztea Irratian jartzen dutelako, “ez beste batzuen moduan, baina han gaude”.
Maitasunetik lan. Mezu bat zabaldu gura dute: Emeki-emeki emeek emana. “Maitasunetik egiten dugu lana, eta ez borrokatik. Nire mezua, gainera, beti da oraina bizi behar dugula, ez dakigulako noiz arte gauden hemen”.
Koronobirusaren pandemiak gogor jo du kulturan. Aiama eta Aneguriak hiruzpalau kontzertu baino ez dituzte eskaini. Hala ere, Izarzugazarentzat “ez da horren gogorra” izan: “Umea txikia da, eta bera zaintzen ibili naiz. Konturatu naiz, gainera, ez dela erraza jaioberri bategaz kontzertuak eskaintzen ibiltzea, ezin da ezer planifikatu. Zenbaitetan hamar minuturo bularra ematen ibili naiz”. Hasiera batean, “ahalko zutela” pentsatzen bazuten ere, gerora konturatu ziren “ez zela pentsatzen zuten moduko erraza izango”. Hortaz, unibertsoari “eskerrak emateko” moduan dagoela uste du, bere kasuan ez duelako “eragin txarrik” eduki.
Hala ere, musikaz bizi diren lagunen egoera aipatu du, eta “oso gogorra” izaten ari dela dio: “Diskoa aurkezteko nazioarteko bira osoak bertan behera geratu zaizkien lagunak ditut”.
Aurrera begira “gogotsu” dago Izarzugaza, zuzeneko kontzertuak eskaintzen hasteko “irrikan” dago, denbora asko daramalako kontzertu bat eskaini barik; “hilabete asko dira, eta faltan botatzen ditut bai zuzenekoak, bai eta Anegaz egotea ere”. Zuzeneko kontzertuak “modu desberdinean” prestatzen dituzte: “Ane eta biok elkartu eta guretzako kontzertuak eskaintzen ditugu. Orain, txikiekin, hala ere, eurentzako kontzertuak izango dira”. Zuzenekoetan “gustura” egoten dela dio, nahiz eta beretzat rap mundua eta rapeatzea berriak diren; “ezin dut esan rap kantaria naizela, hasiberria naiz eta”. Hala ere, “eroso” sentitzen da, eta “gustukoa” du.
Gogoa badauka ere, uste du hasiera ez dela erraza izango; umeekin zailagoa izan daitekeelakoan dago. Baina, era berean, “morboa” ere badauka, jakin gura duelako “zelan konpondu ahalko diren”.