Gernika-Lumoko 22 entitatek jaso dute Bai Euskarari Ziurtagiria
Guztira 97 entitatek ariguneak osatzeko konprimisoa agertu dute aurten, eta entitateen zerrenda hori aitzakia hartuta, erakusketa antolatu dute Artekale kalean.
Beste urte batez, Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu dituzte Gernika-Lumon. Aurten ez dute ziurtagiri banaketaren ekitaldirik egin, baina udalerriko 22 entitatek egindako ekarpena saritu dute.
“Ziurtagiria duzuen guztiok Bai Euskarai Elkartearen komunitatea osatzen duzue, eta horregatik eskerrak eman eta zuen lana aitortu nahi dugu”, adierazi dute elkarteko ordezkariek, eta udalerriaren euskararen mapan kokatu dituztela gaineratu dute.
Euskararen komunitatea babesteko momentua dela azpimarratu du elkarteak: “GUk komunitatea elikatu dugu, ditugun baliabide guztiak erabiliz eta partekatuz. Komunitatea babesteko unea da, elkar zaintzeko garaia”. Aurrera egiteko beharrezkoa dela elkarregaz egotea, elkarregaz lan egitea eta elkarregaz saretzea uste dute.
97 entitate, Euskaraldian. Gernika-Lumoko 97 entitatek ariguneak osatzeko konprimisoa agertu dute aurten, eta abenduaren 4ra bitartean euskarari tiraka ariko dira. Esparru desberdinetako entitateak dira udalerrikoak.
Merkataritza eta ostalaritza arloko 50 entitatek eman dute izena, eta enpresa handi eta banketxeak hamalau dira. Irakaskuntza arlokoan, berriz, hamar ikastetxek hartu dute ariguneak sortzeko konpromisoa eta euskalgintzako lauk. Halaber, kirol elkarte eta kultur elkarteek ere izena eman dute; sei eta bost entitatek hurrenez hurren.
Entitateen zerrenda aitzakia hartuta, erakusketa antolatu dute Artekale kalean. Hamabi paneletan izena-eman duten entitateen argazkiak jarri dituzte, “euren konpromisoaren adierazgarri”. Arduradunek zehaztu dutenez, “poztekoa” da gizarteko esparru desberdinetako ordezkaritza hain zabala lortzea.