Busturialdeak Bertsolari Gazteen 28. BBK Sariketaren finala jokatuko du
Abenduaren 2an jokatuko da finala Bilboko BBK aretoan. Gonbidapenak Bertsozale Elkartearen webgunean eskuratu daitezke.
Azkenean, abenduaren 2an jokatuko da Bertsolari Gazteen 28. BBK Sariketaren finala, eta bertan ariko dira Busturialdeko bertsolariak. Eurekaz batera, Lea-Artibaiko ordezkariak, Hego Uribekoak eta Durangaldekoak ariko dira.
18:00etan hasiko da finala Bilboko BBK aretoan, etra sarrera doakoa izango da. Hala ere, lekua mugatuta egongo da eta gonbidapena hartu beharko da Bertsozale Elkartearen atarian.
Azken urteetan egin legez, taldekako formatuan egin da lehiaketa, eta guztira 48 bertsolarik parte hartu dute sailkapen probetan. Martxoan hasi zen lehia, eta lau sailkapen proba jokatu ondoren, pandemiaren eraginez, bertan behera utzi behar izan zuten.
Egoera zein den ikusita, finalaurrekorik ez, baina finala jokatzea erabaki dute, finalaurrekoetara sailaktutako lau taldeen artean: “Eskualde bakoitzeko bertsolariak bi multzotan baantu ohi dira, baina kasu honetan 18 eta 25 urte bitartekoek Bilboko finalean kantatuko dute, eta 18tik beherakoek bideo bidez bidaliko dituzte euren bertsoak”, azaldu dute Bizkaiko Bertsozale Elkarteko antolatzaileek.
Txapelketan parte hartu duten guztiek oparia jasoko dute, eta finalistek oparia eta garaikurra. Gainera, epaimahaiak kantaera onena erabiltzen duenari ere sari berezia emango dio. Juanjo Respaldiza, Josu Telleria eta Beñat Romero izango dira epaileak.