Hilabetero 5 edo 10 euro jartzeko prest dauden 250 Astra lagun lortzea da Astrako kideen erronka. Autogestiorako diru iturri nagusiak bertan behera geratu dira, eta proiektuaren sostengarritasun ekonomikoak arduratzen ditu.
Astra lagun, kulturarako fabrika sozialaren jasangarritasuna bermatzeko kanpaina jarri dute martxan. Astra proiektua bultzatzeko sostengu ekonomikoa beharrezkoa da, eta horretarako bide berriak eraiki dituzte.
Izan ere, autogestiorako diru iturri nagusiak bertan behera geratu dira, eta proiektuaren sostengarritasun ekonomikoak arduratzen ditu Astrako kideak. “Eutsi Ederrenari ekimenagaz antolatutako kotzertu eta saioetatik ateratako diru guztia kultura sortzaileentzat izango da, eta barra ez da erabilgarri egongo. Hala, barratik lortzen zen diru hori sarrera galduta, Astraren jasangarritasuna bermatzeko denon laguntza ezinbestekoa da”, azaldu dute.
Urte guztian galdutako diru sarrera horrek bermatzeko jarri dute martxan kanpaina. Hain zuzen,
hilabetero 5 edo 10 euro jartzeko prest dauden
250 Astra lagun lortzea da euren erronka. Astra lagun izan gura dutenek hurrengo
formularioa bete beharko dute, eta mezu bat jasoko dute, ordainketa datuak zehazteko. Jakinarazi dutenez, diru ekarpena urtebetekoa izango da, eta luzatu beharko balitz, luzapena jakinaraziko lukete. Urtebete igaro aurretik baja eman gura izanez gero, horretarako aukera izango dute Astra lagunek: “Astrarekin harremanetan jartzea besterik ez daukazue”.
Informazio gehiagorako 747 41 26 11 telefono zenbakia eta hurrengo helbide elektronikoa jarri dute martxan: diruzaintza@astragernika.net.
15 urte bidean. “Astra martxan dago, eta egongo da. Bertan batzen den komunitatea garaiotara egokitzen dabil, egitaraua antolatzen eta ekimenak aurrera eramaten”, azaldu dute Astrako kideek, eta horretan jarraitzeko asmoa dutela berretsi dute.
Izan ere, abenduaren 24an 15 urte beteko dira Astra okupatu zutenetik. “15 urte beranduago hemen jarraitzen dugu eta zutunik gaude. Gauza asko aldatu daitezke 15 urtetan baina badago zerbait lehen eta orain ozen esan ahal duguna: herriak bakarrik salba dezake herria. Mugimenduan dagoen herriak bakarrik sortu ditzake bere burua babesteko bideak”. Hori horrela, Astrak denona izaten jarraituko duela diote, “inguruan daukan komunitateak autogestionatuko duen tresna prtekatua izaten jarraituko duelako”.