Ostalarien aldarria, osoko bilkurara
Ostalariek eta hornitzaileek euren aldarrikapenak kaleratzen jarraituko dute egunotan, azaroaren 7an taberna eta jatetxeak itxi zituztenetik egin modura.
Gernika-Lumoko ostalariak haserre daude, eta laguntza behar dute. Atzo arratsaldean, Gernika-Lumoko udalaren aurrean elkartu ziren osoko bilkura hasi aurretik, eta ostalariei zuzendutako laguntzak prestatzeko eta onartzeko eskatu zioten udal gobernuari.
“Udala entzun, laguntzak behar doguz” edota “ostalaritza aurrera” aldarriak ozen entzun ziren Foruen plazan. Ostalariek eta hornitzaileek euren aldarrikapenak kaleratzen jarraituko dute egunotan, azaroaren 7an taberna eta jatetxeak itxi zituztenetik egin modura. Zapatuetan, 17:30ean, Merkurion batzen dira elkarretaratze zaratatsuetan, eta eguaztenetan kotxe karabana egiten dute udalerriko kaleak zeharkatuz.
Gelditu barik. Egoeraren aurrean, Gernika-Lumoko ostalariak ez dira gelditu, eta instagram sare sozialean euren gida kaleratu dute: ostalaritza_gernika. Bertan, etxera eramateko janaria prestatzen duten taberna eta jatetxeen informazioa bildu dute, nortzuk diren eta bakoitzaren eskaintza zer den zehaztu dute.