'Musikak salbatuko gaitu' lan berria aurkeztu du Gatibuk
Abenduaren 4tik aurrera egongo da salgai sei abestiz osatutako diskoa, baina gaur kaleratuko dute 'Egurre', disko berriko lehen single-a. 00:00etan estreinatuko dute bideoklipa taldearen sare sozialetan.
20 urte bete ditu aurten Gatibuk. Urte berezia izan behar zen aurtengoa eurentzat, Bilbao Bizkaia Arena bezalako plaza handietako harmailak ikuslez betetzekoak. Martxoaren 28a zen egutegietan gorriz markatutako eguna, baina koronabirusak atzeratzea eragin zuen. Hala ere, ez dira gelditu, eta entzuleei mezu positiboak transmititzeko asmoz, euren bederatzigarren lan luzea kaleratuko dute laster: Musikak salbatuko gaitu.
Gaur Bilbon aurkeztu dute “egunerokotasunez” beteta dagoen lan berri hori. Musika eta hitzak “momentukoak” direla diote, egungo egoerak baldintzatutakoak. “Letrak garatzen ahalegindu gara, eta gauzak diren moduan esaten”, azaldu dute gaur.
Abenduaren 4tik aurrera egongo da salgai sei abestiz osatutako diskoa, baina gaur kaleratuko dute Egurre, disko berriko lehen single-a. Jakinarazi dutenez, 00:00etan estreinatuko dute bideoklipa, taldearen sare sozialetan.