San Martineko babespeko etxebizitzen auziari amaiera emateko akordioa sinatu dute
Berualak 1.249.991 euroko kalte ordaina eman beharko dio Ibarretas XXI eraikuntza enpresari. Hala, etxebizitzen eraikinaren zati bat berriro aldatu edo/eta eraitsi behar izatea saihestuko da, eta salgai jarri ahalko dira.
11 urtez luzatu den gatazka amaitzera doa. Berualak, Bermeoko Hirigintza Berriztatzeko Sozietateak, eta Ibarretas XXI eraikuntza enpresak akordioa sinatu dute. Hala, 2022ko martxoaren 18a baino lehen, Berualak 1.249.991 euroko kalte ordaina eman beharko dio aipatu eraikuntza enpresari eta modu horretan etxebizitzen eraikinaren zati bat berriro aldatu edo/eta eraitsi behar izatea saihestuko dela azaldu dute Bermeoko Udaletik. Akordioa Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) eta Guzanen babesagaz sinatu da, EH Bildu, berriz, abstenitu egin da.
Eraikin horretan babes ofizialeko 36 etxebizitza daude, eta horiek salgai jartzea da Bermeoko Udalaren asmoa: “Etxebizitza horien salmentarekin Berualak akordioaren zenbatekoa ordainduko dio eraikuntza enpresari. Hala, Berualaren (eta, ondorioz, Bermeoko Udalaren) kaudimen eza edo porrota saihestuko da”. Izan ere, azaldu dutenez, sozietate publikoak eta udalak “ez dute kontrako epai batek ekar ditzakeen ondorioei aurre egiteko gaitasunik”.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan duenez, akordioaren barruan exekuzio unitate horren eta eraikinaren beraren aurka irekitako gainerako auziak, bai administratiboak bai judizialak, artxibatzea dago aurreikusita, eta baita etorkizunean auzi gehiago irekitzeko aukera ere.
Akordioarekin, hortaz, amaiera ematen zaio epaileak 2018an emandako azken autoaren ondorioz irekitako prozedura judizialari. Han esaten zen 2015ean teilatuaren zati bat eta etxebizitza blokearen azken solairua eraitsi zutenean, Berualak ez zuela bete bi aldeek 2013an epaitegian homologatutako proiektua. Epai horrek, beraz, erabakitakoa betearaztera behartzen zuen Beruala. Ebazpenak bi aukera ematen zituela diote Bermeoko Udaletik: “Aukera biak ziren lortutako akordioa baino garestiagoak, eta Beruala porrot arriskuan jartzen zuten”.
Alderdien arteko akordioak 11 urte baino gehiago luzatu den auziari amaiera ematen dio, “interes publikoarentzat ahalik-eta kalte gutxien eraginez”. Auziak, gainera, babespeko etxebizitzen salmenta “aktibatzeko” aukera ematen duela nabarmenduta. San Martin ingurua “biziberritzeko” aukera ere emango duela esan dute udal arduradunek.