Helikopteroek lurra hartzeko gunean probak egin dituzte
Larrialdi egoeretan helikopteroek lurra hartu dezakete Bixentaneko moilan. Zerbitzu honen garrantzia azpimarratu du Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak, herritarrentzat zein bertara doazenentzat onuragarria delako.
Osakidetzako pilotuek probak egin zituzten Elantxobeko Bixentaneko moilan, bariku arratsaldean, eta lurra hartzeko egokia dela egiaztatu zuten.
Larrialdi egoeretarako gune hau izatearen garrantzia azaldu du Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak: “Pilotuek dena ondo dagoela esan dute. Herritarrentzat eta hona datozen bisitari, arrantzale, urpekari zein bestelakoentzat lasaitasun bat ematen du jakiteak helikopteroa herri erdira helduko dela. Orain arte arazo askogaz beste moila batean egiten zuten lur hartzea. Baina, azkenean, Ibarrangelu izan da erreferentzia. Orain berton daukagu aukera, erraztasun guztiekin. Kontuan hartuta herriko biztanleriaren parte handi bat edadeko jendea dela, eta esate baterako, Elantxobetik Gurutzetara errepidez dagoen distantzia, oso garrantzitsua da denborak murriztea. Kasu askotan hil ala bizikoa izan liteke. Orain bost-hamar minututan ospitalean egon gaitezke”.
Udalaren proposamena. Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak udaberrian egin zituen Bixentaneko moila egokitzeko lanak. Zimentazio arazoen ondorioz, egoera txarrean (beherantz zihoan) zegoelako erabaki zuen Portu Zuzendaritzak moila egokitzea, eta udaletik, bertan helikopteroek lurra hartzeko gunea egiteko eskatu zioten. Beraz, Gizarte Larrialdien Zuzendaritzaren onespena jaso ondoren, udalaren proposamena onartu zuen Portu Zuzendaritzak.