Marokok Mendebaldeko Saharako su etena apurtu izana salatuko dute Bermeon
Zapatuan elkarretaratzea egingo dute Lamerako harrizko bankuan, 13:00etan. Bermeoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek bat egingo dute elkarretaratzeagaz.
Sahara Euskadi Mugimenduak (Bermeoko Besalde elkartea horren baitan dago) elkarretaratzea deitu du zapaturako. Bermeoko Lameran egingo dute elkarretaratzea; harrizko bankuan jarri dute hitzordua, 13:00etan. Eguraldi txarra egingo balu, Taraskan egingo lukete elkarretaratzea.
Azaldu dutenez, Marokok Mendebaldeko Saharako su etena apurtu izana salatzeko elkarretaratzea izango da. “Aldi berean, Espainia zein nazioarteko komunikateari argi exijituko diegu 1991 urtetik atzeratu egin den autodeterminazio erreferenduma behingoz antolatu dezaten”.
“Lotsaren harresian liskar armatuak berrekin diren testuinguru honetan”, saharar herriari babesa berresteko unea dela diote: “Duela 45 urte ari dira bere lurraldearen okupazioa eta nazioarteko komunitatearen axolagabekeria jasaten”. Hala, Espainiako Gobernuari “afrikar kontinenteko azken lurralde ez-autonomoa deskolonizatzeko ardura bere gain hartzea” eskatuko diote, eta “MINURSOrekin batera, zuzen dezala saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzen duen erreferenduma”.
Era berean, nazioarteko komunitatearen “ekintza eza” agerian utzi gura dute.
Aipatu dutenez, Euskal Herria “herri solidarioa izan da beti saharar herriarekin eta bere borrokarekin”. Modu horretan, beste behin ere, mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak.
Bermeoko Udaletik jakitera eman dutenez, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek (EAJ, EH Bildu, Guzan) bat egingo dute elkarretaratzeagaz. Gainera, Bermeoko udaletxeko balkoian Saharar bandera jarriko dela esan dute, Saharako Herriari elkartasuna adieraziz.