Foruko EH Bilduk eskatu du Abadetxea herriarena izateko eskuragarri dauden aukera denak aztertzea
Abadetxea herriak "beharrezkoak" dituen zerbitzuak jasotzeko kokagune "ezin hobea" litzateke EH Bilduren ustez. Foruko alkatearen arabera, bideragarritasuna aztertzeko azterketa sakonak egin izan dituzte, eta une honetan ez dute ikusten Abadetxea erosteko beharrizanik.
Foruan Abadetxea modura ezaguna duten etxea herritarren erabilerarako “galtzeko zorian” dagoela dio Foruko EH Bilduk. Horien ustez, Abadetxea herriak “beharrezkoak” dituen zerbitzuak jasotzeko kokagune “ezin hobea” litzateke. Modu horretan, ondarea den eraikina Foruko Udalarena izateko eskuragarri dauden aukera guztiak aztertu beharko liratekela uste dute, “berandu baino lehen”.
EH Bildutik diote pandemia aurretik jakin zutela enkante publikorako deia zegoela: “Egia da eraikina urte askotan hutsik eta erabili barik egon dela, baina orain dela urte asko erabili egiten zen nahiz eta eraikina elizarena izan”. Foruan mota horretako eraikin askorik ez dagoela eta, “behin betiko saldu aurretik” uste dute udalak “ahalegin berezia” egin beharko lukeela eraikin hori ez galtzeko: “Salmenta gelditzeko eskatu genuen, batetik. Eta, bestetik, udalari kopromisoa agertzea jesarri eta zenbakiak egiteko, bideragarritasuna aztertzeko”.
Udalaren aldetik “borondate argirik” ez dutela ikusten diote: “Kostu larregi suposatzen duen proiektua dela diote. Hala ere, gure ustez denak jesarri beharko ginateke, baita eliza ere, eta aztertu beharko genuke, momentuz, behintzat, salmenta geratzea posible den. Gerora, agian, bideragarria izan liteke”.
“Bizitza apur bat” behar duen herria dela uste dute; “jendeak herrian geratzeko lekuak behar ditu”. EH Bilduren ustez, Abadetxea horretarako “aukera egokia” litzateke: “Ez dugu esaten zertarako erabili daitekeen, aukera asko baititu. Hori, baina, aurrerago zehaztu daitekeen gauza izan daiteke. Lehenengo pausoa borondatea agertzea da, eta aztertzea posible den edo ez”.
Abadetxea herriari lotutako eraikina dela diote, “herritarrek bere sentitzen dutena eta herriko memoriaren parte dena”.
Bestalde, San Kristobaleko baseliza hobetzeko lanetara bideratu diren 40.000 euroak ere aipatu dituzte. EH Bildurentzat “egokiagoa” litzateke kopuru hori “benetan beharrezkoagoa den Abadetxearen erosketa, errenta edo egokitzapenerako” gordetzea. “Foru moduko herri txiki batean dituen baliabideak ahalik-eta herritar gehienen bizi baldintzak hobetzeko erabili behar dira; baliabide hauek oso ondo optimizatu behar dira”, gaineratu dute.
Kontsultategiagaz lanean. Foruko alkate Mikel Magunazelaiak argi utzi gura izan du Abadetxearen eraikina Foruko parrokiarena dela, hau da, “jabetza pribatukoa” dela. Azken urteetan erabilerarik ez duenez eduki, “goitik beherako erreforma bat beharrezkoa du”. Eraikinaren Eraikinen ikuskaritza Teknikoak (EIT) agerian utzi du eraikinak egokitzapen lanak behar dituela legea betetzeko. “Parrokiak legea betetzeko eta berrizteko gastu erraldoi horretan ezin duenez sartu, saltzea erabaki du”, dio alkateak. Hortik sortu da eztabaida.
Bideragarritasuna aztertzeko azterketa sakonak egin izan direla gehitu du. Udalak, hala ere, zenbait lehentasun eta helburu ditu: “Lehentasunik garrantzitsuena orain, mediku kontsultategi duin bat edukitzea da. Gero, badaude beste batzuk, esaterako, herriko bizitza soziala berreskuratzeko Torre Barri taberna berriro zabaltzea, kultur etxea berritzea; laster, planteamendua onartzen denean, gastu handiak etorriko dira baita ere frontoia eta ekipamendu estaliekin, Baldatikako bidea konpontzeko lanekin…”. Orain, hala ere, “buru-belarri” dabiltza mediku kontsultategiagaz. Udalak hiru alternatiba aztertu dituela esan du: “Aukera bat zen leku berean mantentzea (udaletxea), baina egokitzapenak eginda. Beste aukera bat zen Abadetxeara lekualdatzea, eta hirugarrena, berriz, Torre Barriko lokal batera mugitzea. Eta udalak, azken aukera horren alde egin du. Zergatik? erdigunean dagoelako eta herritarren eskura. Garrantzitsua zen guretzako irisgarria den leku batean jartzea. Eta leku horrek, gainera, Osakidetzak eskatzen dituen baldintzak betetzen ditu”.
Abadetxeak 211.000 euro balio dituela dio alkateak. Gogoraratu du berritze lanak egiteko beste horrenbeste diru beharko litzakeela. Eraikin publikoa baldin bada, gainera, zenbait baldintza bete behar dituela gogorarazi du: “Horrek guztiak kostua handitzen du. Gainera, babestutako ondarea da, eta guk dauzkagun beharrizanak erantzuteko oztopoak edukiko lituzke”.
Hori guztia aztertuta, une honetan ez dute ikusten Abadetxea erosteko beharrizanik. “Foruarren beharrizanak asetzeko leku publikoak egongo dira”.
San Kristobaleko baselizaren inguruan, berriz, haren “balioa” aipatu du: “Ondare Sailetik eta Bizkaiko Foru Aldunditik txosten bat egin dute, eta baseliza horrek berebiziko garrantzia duela ondorioztatu dute, bai eskualdean eta baita ere Bizkaian. Jausteko zorian egon da, eta instituzio ezberdinen artean erabaki dugu ezin dela hori jausten utzi. Baseliza horri berrizteko kostua 70.000 eurokoa da, baina guk, 40.000 eurogaz lagundu dugu. Gure programako helburuetako bat ere bazen San Kristobaleko baseliza konpontzea, eta programa betetzen gabiltza”.
Saltzeko nahia.Foruko parroko Jesus Mari Madariagak argi dio Abadetxea saldu egin gura dutela: “EH Bildukoek diote Abadetxea herriarentzat izan beharko litzatekeela, ez dakit oso ondo zer gura duten, eta geldik dago salmenta oraingoz. Batzartzeko gaude; ea asteon edo hurrengoan batzen garen, gogoz gaude. Harritu egin naiz berriro pankartak ikusi ditudanean”.
Eraikina aspaldi ez dela erabiltzen eta, saldu egin gura dute, eta diru hori behar dutela dio “beste gauza batzuk egiteko”.