Epaileak behin-behineko espetxealdia agindu du Gaizka Astorkizagarentzat
Ertzaintzak joan den astelehenean atxilotu zuen ibarrangeluarra, bi tren geltokitan ustezko sabotajeak egitea egotzita.
Ertzaintzak astelehenean atxilotu zuen Gaizka Astokizaga ibarrangeluarra kartzeleratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose de la Mata epaileak. Etxean atxilotu zuten, eta delitu bera egotzita, Usansolon (Galdakao) atzeman zuten Valentilla Morisolli. Bientzat behin-behineko espetxealdia agindu du epaileak.
Muxika eta Foruko tren geltokietan ustezko sabotajeak egitea egotzi diete, eta Iñaki Bilbao ETAko presoaren goratzea izan litezkeelako hartu du epaileak erabakia.
AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak atxiloketak salatu eta mobilizazioa deitu barikurako (azaroak 20), Gernika-Lumoko Merkurio iturrian, 19:00etan.