Ertzaintzak 137 marihuana landare atzeman ditu Bermeoko etxebizitza batean
Herriko ikastetxe baten ondoan dago etxebizitza, eta ikastetxeko patiotik hartzen zuten marihuana usaina.
Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, Bermeoko etxebizitza baten barruan instalatuta zegoen marihuana plantazio bat desegin du Ertzaintzak, Bermeoko Udaltzaingoaren laguntzagaz.
Hain zuzen ere, 137 landare atzeman dituzte. Aipatu etxebizitza herriko ikastetxe baten ondoan dago, eta diotenez, marihuana usaina ikastetxeko patioraino heltzen zen.
Epaileari agindua eskatu ostean, joan den barikuan sartu ziren agenteak etxebizitzara eta miatu egin zuten. Bertan 137 marihuana landarez osatutako instalazio bat aurkitu zuten, droga hazteko behar den materialaz hornituta: lanparak, haizagailuak, transformadoreak, termohigrometroa eta landareak ureztatzeko tresnak. Era berean, egiaztatu zuten legez kanpoko konexio elektriko bat eginda zegoela, “legez kanpoko aipatu jarduera argindarrez hornitzeko”.
Azaldu dutenez, etxebizitza horretan bizi den 43 urteko gizonezko bati eginbideak ireki dizkiote droga trafikoagatik.