Mañu auzoko asfaltatze lanak hasi ditu Bermeoko Udalak
Auzoko iriste erraztasuna hobetu gura dute, eta horretarako 36.253,987 euro bideratu dituzte.
Mañu auzoko iriste erraztasuna hobetu asmoz, asfaltatze lanak hasi ditu Bermeoko Udalak. Horretarako, 36.253,987 euro bideratuko dituztela aurreikusi dute.
Joan den astean hasi ziren lanekin, eta aste honetarako amaituta egotea aurreikusi dute, “betiere eguraldiak baldintzatuta”.
Obrak auzoko puntu ezberdinetan egiten ari dira, lurzorua egoera desegokian dagoen tokietan hain zuzen. Hori horrela, Oiorta baserritik Arrizurieta landetxera bitartean, Cannon erretegiaren aurrean dagoen Mañu auzoko sarreran eta Bekoetxe Baserritik Etxezarre baserrira arteko bidean egingo dira lanak. Leku batzuetan bide osoa berrituko dute, eta beste batzuetan, berriz, bide-ertzak hobetuko dituzte, “beharrizanen eta egoeraren arabera”.
Herrian egingo diren lan horiekin agintaldi hasieran udal gobernuak zehaztutako helburu estrategikoetako batean “beste aurrerapauso bat” eman dutela dio Bermeoko Udalak: Herriko auzoetako irisgarritasuna hobetu helburu estrategikoan, hain zuzen.