Gutxien kutsatzen duten ibilgailuek hobaria izango dute
Trakzio mekanikoko ibilgailuei buruzko zerga arautzen duen udal ordenantza fiskala aldatu du Busturiko Udalak. Hobaria eskatu egin behar da, eta hori egiteko azken eguna da abenduaren 31.
Busturiko Udalak trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ondernantza fiskala aldatu du, eta gutxien kutsatzen duten ibilgailuek hobaria izango dute zergaren kuotan.
Orain arte ibilgailu historikoek edo fabrikatu zirenetik gutxienez 25 urteko antzinatasuna zeukatenek edukitzen zuten %100eko hobaria trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, baina salbuespena kendu egin du udalak.
Hori horrela, aurten, gutxien kutsatzen duten ibilgailuei emango zaie onura. Motor elektrikoa duten ibilgaikuek %95eko hobaria izango dute zergaren kuotan, eta emisiorik bariko ibilgailuek, %75ekoa.
Motor hibridoa dutenek eta gasa edo bioetanola erregai gisa erabiltzen dutenek %75eko hobaria edukiko dute, lehen matrikulaziotik zenbatzen hasi eta hurrengo bost ekitaldietan.
Matrikulazio berriko eta 110g CO2/km baino emisio kutsatzaile txikiagoa dutenek, zergaren kuotan %50eko hobaria izango dute, eta 110g CO2/km eta 120g CO2/km arteko isurtze kutsatzailea duten matrikulazio berriko turismoek, aldiz, %25ekoa. Hobaria lehen matirkulaziotik zenbatzen hasi eta hurrengo bost ekitaldietan edukiko dute.
Busturiko Udalak jakinarazi duenez, hobaria eskatu eta frogatu egin beharko da, eta hori egiteko azken eguna abenduaren 31 dela zehaztu du.