Liderraren etxean itxura ona eman du Lointek Gernika Bizkaiak
Emakumezkoen Ligaren 9. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 72-64 galdu du Perfumerias Avenidaren kontra. Emakumezkoen Ligaren liderrari "joko onagaz" aurre egin izana nabarmendu du Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak.
Ligako oilar handienetakoa da Perfumerias Avenida. Hari aurre egitea ez da erraza, eta are gutxiago haren kantxan. Denboraldi honetan ez du partidurik galdu, eta zapatuan Lointek Gernika Bizkaia “joko onagaz” ahalegindu bazen ere, 72-64 galdu zuen.
Beldur barik kantxaratu zen talde gernikarra Salamancan. Nogaye Lo eta Angie Bjorklund buru zirela, taldearen nortasuna ikusi zen lehen minutuetan. Liderraren kontra aurpegia eman behar zuten, eta horrela egin zute. Lo mallorkarrak bere handitasuna agerian utzi zuen barrutik, eta kanpotik, berriz, Angie Bjorklund estatubatuarrak bere “dinamita” atera zuen. Erasoan daukan artilleria guztia erakutsi zuen. 5-9ko markagailuagaz, hutsartea eskatu zuen Roberto Iñiguez Avenidaren entrenatzaileak. Haren aginduak berehala islatu ziren markagailuan. 8-2ko partziala da horren erakusgarri. Orduan, Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak geratu zuen norgehiagoka. Avenidaren kontraerasoen aurrean, zonakako defentsagaz babestu zen Lointek.
Alde estuagaz amaitu zuten lehen laurdena (17-16), eta gero, Itziar Ariztimuño bilbotarraren hirukoagaz aurretik jarri zen talde gernikarra. Etxeko taldeak segituan erantzun zuen; hiru hiruko egin zituen ia jarraian. 15-0eko partzialagaz kolpea eman zuen Salamancako taldeak. Erasoan zein defentsan talde gogorra dela argi utzi zuen, beste behin. Baina, izar handien aurrean kikildu barik, Lointekekoak gogor lan egin zuten, eta zazpi puntura ere hurbildu ziren. Gero, 42-34ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Atsedenalditik bueltan, bere bertsioarik onena atera zuen Gernika-Lumoko taldeak. Defentsa lanean nabarmendu zen batik bat. Avenida galdierazteko gai izan zen. Roso Buch katalanak hartu zuen Bjorklunden eta Loren erreleboa. Neurketa kontrolpean zeukan Lointekek. Ezina ekinez egina.
Puntu bakarreko aldeagaz hasi zuten azken laurdena (55-54). Garaipena jokoan egonda, urduritasuna igarri zen bi taldeetako jokalarietan, eta urduritasunak hainbat hutsegite eraginarazi zizkien.
“Partiduan sartuta”. Neurketa amaituta, talde gernikarrak egindako lanagaz pozik zegoela esan zuen Mario Lopez entrenatzaileak. Haren arabera, liderra geldiarazteko defentsa lan sendoa egin zuen taldeak: “Emaitzagaz ez gaude pozik, baina bai egindako lanagaz; lan ona egin dugu. Salbuespen batzuk kenduta, partiduan sartuta egon gara, eta behar zenean defentsan doikuntzak egin ditugu. Azken laurdenera bizirik heldu gara, eta hori zen gura genuena”. Avenidaren presioa gainditzeko une batzuetan arazoak eduki zituztela aitortu zuen, baina “joko onagaz, eta zirkulazio onagaz” eragozpen horiek konpondu zituztela.
Barikuan, etxean. Ligaren 10. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak Movistar Estudiantes hartuko du Malosten, barikuan [azaroak 6], 20:00etan.
Sailkapenean seigarren dago talde gernikarra, 14 puntugaz, eta postu bat gorako dago talde madrildarra, puntu bat gehiagogaz.