Besteak beste, Kale Nagusian, Belen Kalean, Jesus Kalean, Aritza Kalean, Barria Kalean eta udaletxe atzean dagoen parkingean aparkatzea baimenduta dago.
COVID-19ak eragindako pandemiaren eraginez, udalerrian ibilgailuen zirkulazioa, aparkatzea eta zamalanak arautzeko behin behineko neurriak zehaztuz Alkatetza Dekretua argitaratu zuten maiatzaren erdialdean. Pandemiak sorrarazitako “aire libreko eremu publikoaren beharrak” kontuan hartuz egin zuten, eta behar horiek “ez direnez desagertu eta ez duenez ematen epe laburrean desagertuko direnik”, neurri horiek urriaren amaierara arte mantentzea erabaki zuen Eako Udalak.
Auzotarren iritzia eta balorazioa entzuteko eta behin-behineko neurriok behin-betiko bihurtzea komenigarria den aztertzeko inkesta bat egitea erabaki zuten, eta urrian herritarren artean egindako inkesten emaitzak ikusita, ibilgailuen zirkulazioari eragiten dien neurriak zehaztu ditu Eako Udalak.
Aipatu neurriak zapatutik [urriaren 31] bete behar dituzte ibilgailuetako gidariek. Kale Nagusian, Belen Kalean, Jesus Kalean, Aritza Kalean eta Barria Kalean aparkatu ahal da, eta Belen Kalea eta Barria Kalea noranzko bikoak dira. Udaletxe atzean dagoen parkingean edonork aparkatu dezake, eta hornitzaileen zamalanetarako gordetako guneak kendu dituzte. Bestalde, Zubietan ez dago noranzkorik.