Denboraldiko bigarren garaipena ere nagusitasunez lortu dute basurdeek
Ohorez B Mailako 2. jardunaldian, Gernika RTk 45-19 irabazi dio Zarautz RTri. Etxeko taldeak partidua kontrolpean eduki du momentuoro.
Ohorezko B Mailan emaitza onekin hasi du denboraldia Gernika Rugby Taldeak. Bi jardunaldi eta bi garaipen. Zapatu arratsaldean Urbietan lehiatu zuten 2. jardunaldiari dagokion neurketa, eta 45-19 nagusitu zitzaion Zarautzi.
Pello Bilbao herriko txirrindulariaria omendu zuten partidua hasi aurretik. Barhain-McLaren taldeko kideak egin zuen ohorezko sakea.
Intentsitate askogaz hasi zuen norgehiagoka etxeko taldeak. Hasierako minutuetatik aurkariari presioa sartu, eta erakutsi gura duen jokoa bilatzen aritu zen. Hasi eta berehala heldu zen lehen entsegua. Eneko Gorostizak egin zuen Gernikaren lehenengoa. Azkar erantzun zuen Zarauzko taldeak. Etxekoek entsegua egin eta pare bat minutura, talde gipuzkoarra aurretik jarri zen markagailuan, zigor-entsegu bati esker.
Hala ere, talde gernikarrak bere jokoa sortu eta partidua kontrolpean eduki zuen. Atsedenaldira joan aurretik, hiru entsegu egin zituzten basurdeek. Fagu Malloyk bat eta Gaizka Iturriagak bi. 26-14ko emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia.
Bigarren zatian etxeko taldea aurkaria baino gehiago izan zen, eta nagusitasun hori markagailuan ere islatu zuen. Malloyk, Andoni Martinek eta Andoni Larrabetik lortu zituzten entseguak bigarren zatian. Partidua amaitzeko hiru bat minutu falta zirenean, Zarautz RTko Mikel Larrañagak entsegua egin zuen.
Lehen momentutik partidua irabaztea izan zela helburua adierazi du Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzaileak. Hasiera oso ona izan zela nabarmendu du: “Oso gogor hasi genuen partidua. Baina, gure nahaste batean eurak aurretik ipini ziren. Hortik aurrera, guk gure lana egiten segitu genuen, eta astiro-astiro lortu genuen gura genuena”.
Partidu “gogorra” izan zela zehaztu du: “Zarautzek jende ona dauka atzean, baina Gernikan gu gogorrak gara, eta partidua gure alderantz joan zen. Guk lehen momentutik argi eduki genuen gure jokoa egin behar genuela, eta euren jokoan sartzen bagina, eurek guk baino indar gehiago edukiko zutela. Momentu batzuetan euren jokoa egiten hasi ginen, eta hor txarto ibili ginen”.
Bigarren. Ohorezko B Mailaren A multzoko sailkapenean bigarren dago Gernika-Lumoko taldea, 10 puntugaz, eta AVK Bera Bera RT multzoko liderrak ere 10 puntu ditu.
Bi asteko atsedena daukate orain basurdeek, baina partidurik lehiatu ez arren, lan gogorra egin beharko dute entrenamenduetan. 3. jardunaldian, Pasek Belenos RC izango da talde gernikarraren aurkaria, eta horren ondoren, Bera Bera liderraren kontra jokatuko du. “Belenos talde oso gogorra da, eta noraino heltzeko kapaz garen ikusteko beste proba bat edukiko dugu hor. Hurrengoa Bera Beraren kontrakoa izango da. Hilabete daukagu beharra egiteko, eta ea gure helburua lortzen dugun”.