Irudi pertsonalaren sektoreko langileek BEZa %10era jaisteko eskatu dute
Koronabirusak irudi pertsonalaren sektorean ere eragina izan du, eta euren zerbitzuak ematen jarraitu ahal izateko, BEZa %10era jaistea eskatu dute Gernika-Lumoko estetika sektoreko langileek.
Gernika-Lumoko irudi pertsonalaren sektoreko langileek protesta egin dute gaur udalerrian. Merkurio iturrian elkartu dira, eta sektoreko BEZa %21etik %10era jaisteko eskatu dute.
Estetika sektorearen haserrea ulertzeko 2012ra jo behar da, BEZa igo zien momentura. “Krisi garaian igo ziguten BEZa, bat-batean, %8tik %21era. Hala ere, guk ezin izan genituen prezioak horrenbeste igo, sektorea kaltetuta aterako zelako”, azaldu du Sorkunde Ordorikak udalerriko ile apaintzaileen izenean. Inbertsio horiek euren gain hartu zituzten, eta “justu” zebilen sektoreari, orain, COVID-19aren krisia batu zaio.
Ezin dutela %21eko BEZagaz jarraitu diote. Konfinamenduan euren zerbitzuak “ezinbestekoak” zirela onartu zuten agintariei sektoreari laguntzeko eskatu diete orain: “Jaitsi dezatela BEZa. Jaitsi ezean, ezingo dugulako zerbitzurik ematen jarraitu”.
Ile apaindegien kontsumoa jaitsi egin da, “lan bolumena asko gutxitu” zaie, eta ez omen dute behar adina laguntza jaso. Gainera, euren zentroetan aldaketak egin behar izan dituzte, eta guztiak eurek kudeatu behar izan dituzte: “Ez dira erreforma handiak izan, baina bai beharrezkoak, eta gure poltsikotik ordaindu ditugu: gelak, pantailak, haize purifikatzaileak… dena erosi dugu guk, eta espazioa murriztu zaigu”.
Hori horrela, Jaurlaritzari laguntza gehiago ematea eskatu diote, izan ere, ez dira merkatariak ezta ostalariak ere, eta zerbitzu pertsonal edo irudi pertsonaleko enpresak laguntza horietatik kanpo geratzen dira: “Beste laguntza batzuk jaso ahal izan ditugu, baina oso gutxi. Dena ateratzen da gure dirutik, eta horregatik eskatzen dugu BEZa jaistea. Ea aurrera ateratzea lortu ahal dugun”.
Egoera “negargarria”. EIPEF ile apaindegi eta estetika enpresen federazioak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako irudi pertsonaleko elkarteek ohartarazi dute neurri horiek hartu ezean hamar establezimendutik seik itxi egingo dutela, eta 25.700 lanpostu baino gehiago galduko direla. Asko dira itxi edo ixteko zorian dauden ile apaindegiak, eta egoera “negargarria” dela dio Ordorikak: “Ni Mujeres Barberas eta Barberos 3.0 elkarteko kidea naiz, baita Estilistas del Norte elkartekoa ere, eta negar egiteko egoera bizi dugu. Ile apaindegi eta bizartegi asko zarratzen dabiltza”. Gernikako kasuan, “justu” dabiltzala dio: “Ez dakit aurrera joango garen edo ez, baina justu gabiltza denok”.
Ohartarazi dute neurri horiek hartu ezean hamar establezimendutik seik itxi egingo dutela, eta 25.700 lanpostu baino gehiago galduko direla. BEZa %10era jaisteak, berriz, “lasaitasuna” emango lieke, baina hala eta guztiz ere, ez direla “ondo” egongo uste dute Gernikako ile apaintzaileek: “Ez ginateke ondo egongo, baina gure egoera hobetuko luke, apur bat bada ere”. Jaitsiera horrek lanpostu gehiago ez galtzea eta zentroak ez iztea eragingo lukeela diote.