Alarma egoera ezarri du Espainiako Gobernuak, eta maiatzera arte luzatu gura du
Eusko Jaurlaritzak edukiko du egoera kudeatzeko eskuduntza, eta erabaki propioak hartzeko aukera. Elkartzeko eskubidea mugatu du Espainiako Gobernuak, eta etxeratzeko agindua ezarri du gauean.
Alarma egoera ezarri du Espainiako Gobernuak hurrengo 15 egunetarako, eta maiatzaren 9ra arte luzatu nahi du, “pandemiari aurre egiteko”. Domekan onartu zuten, Madrilen eginiko Ministroen Kontseilu berezian. Sei hilabeterako ezarri gura dute egoera, baina, horretarako, Espainiako Kongresuak onartu beharko du.
Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten dekretua, eta berehala sartu zen indarrean, atzo. Oraingo alarma egoera, baina, martxoaren 14an ezarritakoa baino arinagoa izango da momentuz; ez da konfinamendu orokorrik egongo. Hala ere, batzeko eskubidea mugatuko dute, eta gauean etxeratzeko agindua ezarriko dute.
Pedro Sanchezek etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara izatea proposatu zuen atzo. Hala ere, dekretuak etxeratze ordua zehazteko ahalmena ematen die autonomia erkidegoei. Autonomia erkidegoetako buruek kudeatuko dute, eurek erabaki ahal dute kalean ibiltzeko debekua 22:00etan edo 00:00etan hastea, eta 5:00etan edo 7:00etan amaitzea.
Kasu batzuetan, baina, kalean ibili ahalko da tarte horretan; besteren artean, botikak erosteko, lanera joateko, etxera itzultzeko edota zaintza lanetarako.
Asko jota sei pertsona elkartu ahalko dira, toki publikoetan zein pribatuetan, “ez badira elkarregaz bizi”.
Erkidegoek erabaki ahalko dute, gainera, euren lurraldeko mugak ixtea, edo haien barruko eremu bat zarratzea. Izan ere, alarma egoera berriak ez du autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna murriztuko.
Autonomia erkidegoek, agintea. Atzo ezarritako alarma egoeragaz autonomia erkidegoetako presidenteek izango dute egoera kudeatzeko ahalmena, lehen olatuan ez bezala.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak begi onez hartu zuen Espainiako Gobernuaren erabakia, eta gaur batzartuko da Pedro Sanchez Espainiako presidenteagaz. Gainera, larrialdietarako aholkularitza batzordeagaz ere bilduko da lehendakaria, “egoera aztertzeko eta neurriak hartzeko”. Erabaki “orekatuak eta proportzionatuak” hartuko dituztela esan du Urkulluk.
Izan ere, neurriak hartu ahal izateko eskatu zion Sanchezi alarma egoera ezartzeko, pandemiaren kudeaketa erkidegoen esku geratzeko, alegia; eta hori egin du Sanchezen exekutiboak. Orain egoera “arinago eta zehatzago” kudeatzeko aukerak izango direla uste du Urkulluk.
Maiatzera arte. Sei hilabetez luzatu gura du alarma egoera Sanchezek, adituek uste dutelako epe hori beharrezkoa dela bigarren olatuari aurre egiteko; azaldu dutenez, arnas aparatuko gaitzei kalte egiten dieten birusak udazkenean eta neguan erasaten diete gehien pertsonei.
Lehenengo olatuan, alarma egoera bi astetik bi astera luzatzen zuen Espainiako Gobernuak, baina oraingoan alarma egoera luzea ezarri gura dute, bozketa bakarragaz.
Luzapen hori Alderdi Popularraren babesagaz hartu gura du Sanchezek, gatazkarik sortu barik, baina popularrek ez dute oraindik jakinarazi luzapenaren alde edo kontra bozkatuko duten. Hala ere, Dekretua Kongresuan onartzeko gehiengoa edukiko duela uste du Sanchezek.