Morgako argazki lehiaketa martxan dago
Morga izango du ardatz argazki lehiaketak, eta parte hartu gura dutenek urriaren 20ra arteko epea daukate euren lanak aurkezteko.
Morgako Udalak argazki lehiaketa antolatu du, zortzigarren urtez. Morga izango du ardatz, eta lehiaketan parte hartu gura dutenek urriaren 20ra arteko epea daukate euren lanak aurkezteko. Aurkeztutako argazkietatik 12 hautatuko dituzte, eta 2021eko egutegia osatuko dute.
Udalak jakitera eman duenez, gehienez bost argazki bidali ahalko ditu parte hartzaile bakoitzak, betiere argazki horiek Morgako irudiak jasotzen badituzte.
Argazki digitalak izan beharko dira, eta lehiaketan parte hartzeko Morgako Udaleko helbide elektronikora (kultura@morgakoudala.com) bidali beharko dira, Argazki Lehiaketa izenburupean. Bidalketan bertan, parte hartzailearen izen-abizenak eta kontaktua zehaztu beharko dira; baita argazkien kokapena zein den ere.
Jasotako argazki guztien artean, hamabi aukeratuko ditu udalak, eta ondoren Morgako Udalaren webgunean (www.morga.eus) jarriko dituzte. “Modu horretan, argazki saridunak hautatzeko aukera izango dute herritarrek”, zehaztu dute arduradunek.
Hain justu, bi sari banatuko ditu udalak: lehiaketako irabazleak Txakoli sorta eta herriko taberna batean bi pertsonentzako hamaiketakoa jasoko ditu, eta bigarren egiten duenak, berriz, herriko taberna batean bi pertsonentzako hamaiketakoa jasoko du.
Egutegia osatzeko aukera. Udalak jasotzen dituen argazki denak bere artxiboan sartuko ditu, eta erakusketak zein egutegiak egiteko edota webgunean jartzeko erabiliko ditu; egutegian agertzen diren argazkiak horizontalak izango direla zehaztu dute arduradunek.
Gainera, argazkietan agertzen diren pertsonei buruzko edonolako erantzukizuna argazkilariarena izango dela adierazi dute.