Bidegorriaren leku aldaketak ezer barririk ez dakarrela dio Bidegorridxe Gernika-Lumon ekimenak
Iparragirre kaleko bidegorria kalez aldatzea erabaki du udalak, "bizikletaz ibiltzen direnen segurtasuna hobetu asmoz". Baina aldaketak "ez duela ezer konponduko" uste dute Bidegorridxe Gernika-Lumon ekimeneko kideek.
Gernika-Lumoko Udala iparragirre kaleko bidegorria kalearen beste aldera aldatzen hasi da, baina Bidegorridxe Gernika-Lumon ekimenak adierazi du aldaketa horrek “ez duela ezer” konponduko: “Aldaketa horrek ez du ezer aldatuko Gernika-Lumoko mugikortasun jasanezinaren ereduan”.
Udalak bidegorria “ahaztuta” eduki duela salatu dute ekimenaren kideei: “Iparragirre kaleko bidegorriaren erabilera arautzen duen trafiko seinale bakar bat ere jarri ez denean, bat-batean udalak 180.000 euro gastatuko ditu bidegorria kalearen beste aldera eramateko. Alde horretan, aparkalekuak eta Eusko Trenen trenbidea baino ez daude; ez etxebizitzarik ezta enpresarik ere”. Aldaketagaz, kalearen alde horretan dagoen espaloia desagertu egingo dela, eta, ondorioz, oinezkoei “lekua kendu” eta ibilgailuen joan-etorrirako bigarren erreia lortuko dela esan dute.
Garajeetatik irteten diren autoen eta txirrindularien artean izandako istripuengatik hartu du bidegorria lekualdatzearen erabakia udalak, “bizikletaz ibiltzen direnen segurtasuna hobetu asmoz”. Udal arduradunek adierazi dutenez, gaur egun bidegorria “ez dago leku egokian”, bidea, zati batzuetan, eten egiten delako. Baina txirrindulariak “zigortu” dituela uste du Bidegorridxe Gernika-Lumon ekimenak: “Garajeetatik ateratzean gidariek batzuetan duten zuhurtzia eza zuzendu edota gidariak sentsibilizatzeko kanpainak abiarazi beharrean, txirrindulariak dira zigortuak. Izan ere, bidegorria etxeetatik aldentzen ari dira”.
Txirrindularien egungo egoerak “okerrera” egingo duela diote. “Ez gara ibilgailuen joan-etorrirako ikusgai egongo, aparkatutako autoen atzean ezkutatuta egongo garelako”, azaldu dute, eta bertan aparkatzen duten auto-gidariek bidegorri berria oinezkoentzako espaloi gisa erabiliko dutela uste dute. Halaber, baterian aparkatzeak oinezkoak eta txirrindulariak azken unera arte ez ikustea eragiten duela, eta horrek “egoera arriskutsuak” sor ditzakeela adierazi dute. Bidegorri berrira sartzeko edo berau uzteko, gainera, Iparragirre kalea gurutzatu beharko dela zehaztu dute.
Hori horrela, segurtasun eza “gero eta handiagoa” dela diote: “Metro gutxitan egin daitezkeen akats gutziak egiten ari dira. Beste jarrera batekin, eta Europako iparraldera edo Bizkai, Araba eta Gipuzkoako beste udalerri askotara begiratze hutsarekin, gauza horiek ondo nola egin ikasi ahal izango zen”.
Aurrekariak. Duela hamar urte jarri zuten abian Gernikako bidegorriaren proiektua, udalerriko gizarte, kultura, eta kirol sare osoaren laguntzagaz. Hori horrela, udalak aho batez onartu zuen bizikleta bideen sare bat prestatzeko mozioa. Helburua argia zen: ikastetxeetara eta kultura eta gizarte jardueretarako guneetara bizikletaz eta seguru iristea. Baina azken hamar urteetan iparragirre kalean “ez dela ezer egin” salatu dute.
Halaber, udal osoko bilkuretan ezin izan dutela euren eskariez hitz egin salatu dute ekimeneko kideek: “Nagusitasun despotikoa udal osoko bilkuretan partaidetza zentsuratu eta hitza ukatzearen muturrera iritsi da, bizikleta eta bidegorriei buruz hitz egin nahi zenean. Izan ere, udal honek ez du ez hitz egin ez entzun nahi udalerriko mugikortasun politika aldatzearen aldeko eskariari buruz”.