Gernika-Lumoko liburutegia zabaldu dute
Edukiera mugatuagaz zabaldu dute liburutegia, ohiko ordutegian. Maskara etengabe jarrita izatea derrigorrezkoa da.
Gernika-Lumoko liburutegiak ateak zabaldu ditu gaur. COVID-19ak sortutako osasun krisia dela eta, herritarrak ezin izan dira liburutegian egon, baina osasun eta segurtasun neurriak hartuta, erabilgarri dago dagoenerako.
Maiatzean liburuen mailegua martxan jarri zuten, eta ordutik segurtasun eta osasun neurriak bermatu dituztela dio Jokin Garatea udaleko kultura zinegotziak: “Ilusioz beteta gaude normaltasun berri honetan sartzeko, eta itxaropentsu datorren denboraldiari begira gure jarduera zabaltzeko”.
Astelehenetik zapatura bitartean egongo da zabalik, ohiko ordutegian. Astelehenetik barikura 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 21:00etara, eta zapatuetan, berriz, 09:00etatik 14:00etara.
Osasun eta segurtasun neurriak direla eta, edukiera mugatu dute. “Espazioaren eta aireztatzeko aukeren arabera mugatu dugu edukiera”, adierazi dute liburutegiko arduradunek. Hala, 23 pertsonentzako tokia egongo da. Goiko gelan 11 pertsonak ikasi ahalko dute, umeen gelan 8 egon ahalko dira, eta ordenagailuetan, berriz, 4. Beheko ikasgelan ezingo dela ikasi zehaztu dute, “gela aireztatzeko aukera ezagatik”.
Ordenagailuak “soilik” ezinbesteko kasuetan erabili ahalko direla nabarmendu dute, eta egunkariak, “momentuz”, ez direla eskuragarri egongo esan dute. Liburuak itzultzeko “beti” kaleko itzulketen kutxa erabiltzea eskatu dute, eta liburuak berriro maileguan utzi aurretik, hamabostaldia igaroko dutele zehaztu dute.
Neurriak. Liburutegira joan gura dutenek maskara “etengabe” jarrita izan beharko dute, eta gel hidroalkoholikoa ematea “derrigorrezkoa” izango da: “Ziurtatu liburuak hartu baino lehen ematen duzula”. Segurtasun distantzia mantentzeko markak jarri dituzte, eta horiek jarraitu beharko dituzte bertaratzen direnek.
“Adin txikikoak eta menpekotasuna dutenak bakarrik sartu ahalko dira lagunduta”, zehaztu dute arduradunek.
Kulturaren guneak. Maria Agirre aretoa eta Elai Alai antzokia herriko kultur taldeen bilgune izango dira urritik aurrera. Era berean, Lizeo Antzokiak eta Elai Alai aretoak euren kultur programazioaren jarduera berreskuratuko dute.