Pilota jaialdirako prest
Olaizola IIa eta Zabaleta Jaka eta Albisuren aurka ariko dira Master Caixabank txapelketaren 13. jardunaldian, barikuan, Gautegiz Arteagan. Bigarren mailakoek eta afizionatuek ere jokatuko dute
Argazkia: Baiko Pilota. Master Caixabank txapelketaren 13. jardunaldiko partidu bat jokatuko dute barikuan, Gautegiz Arteagako frontoian. Olaizola IIak eta Zabaletak aurrez aurre izango dituzte Jaka eta Albisu. Norgehiagoka 21:15ean hasiko da, eta nor baino nor gehiago ariko dira pilotariak. Aurretik, baina, bigarren mailako pilotarien partidu bat eta afizionatuen bi ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Master Caixabank txapelketako kanporaketa faseko bi jardunaldi geratzen direnean, zortzi puntugaz hirugarren postuan kokatuta daude Olaizola II eta Zabaleta, Altuna III eta Imaz bigarrenekin berdinduta. Hamar puntu dituzte Artola eta Rezusta sailkapen buruek. Jaka eta Albistu, berriz, seigarren postuan daude, sei puntugaz. Aurretik, laugarren eta bosgarren postuetan zazpi puntu dituzte Bengoetxea VI.ak eta Martijak, eta Ezkurdiak eta Arangurenek, hurrenez hurren.
Jakak eta Albisuk laugarren postua eskuratzeko borrokatu beharko dute, postu horrek aukera ematen baitie txapelketako finalaurrekoak jolasteko. Eta ezin dute hutsik egin, galduz gero finalaurrekoetatik kanpo gera daitezkeelako.
Ez da partidu erraza izango eurentzat, Jaka lesio batetik bueltatuko delako eta ikusi egin beharko delako zelan egokitzen den berriro ere frontoira; aurreko hiru jardunaldietan jolastu barik egon da, eta Peio Etxeberriak bete du bere lekua.
Aurrez aurre, gainera, Olaizola II.a eta Zabaleta izango dituzte. Eurak direla faboritoak adierazi dute antolatzaileek, baina norgehiagoka “estua” aurreikusi dute: “Olaizola eta Zabaleta ondo jokatzen ari dira, baina partiduei amaiera ematea kostatzen zaie. Partidu gogorra izango da. Hasieran ahul hasi ziren bikoteak, baina azken partiduetan askoz hobeto dabiltza”.
Artiako frontoia asko ezagutzen du Olaziolak, eta horrek abantaila ematen dio: “Gautegiz Arteagara askotan etorritakoa da, eta ondo jolastu ohi du bertan. Iaz jokatu zuen, baita orain dela bi urte ere. Horrek ere abantaila ematen die”.
Neurketa nagusi horren aurretik, bigarren mailakoak ariko dira: Agirre-Bikuña eta Peña II-Ibai Zabala. Partidu horretarako faboritoa da Peña II-Ibai Zabala bikotea: “Peña lehenengo mailan ere partiduak jokatzen dabil, eta ondo jokatzen ari da”. Hala ere, “nahiko parekatua” izango dela uste dute.
Pilota jaialdia, berriz, afizionatuen arteko bi partidugaz hasiko da 18:15ean. Lehenengo partiduan Lea Motrollo pilota taldeko kideak ariko dira: Erkiaga-Anaiak bikoteak Enbeita-Unai bikotearen aurka jokatuko du.
Bigarren partiduan, berriz, Baiko pilota taldeagaz kontratua dutenak izango dira protagonistak: Zubizarreta-Elizegi bikoteak larrazabal-Uriondo bikotea izango du aurrez aurre.
Sarrerak
Pilota jaialdiaz gozatu gura dutenek sarrerak aurresalmentan eskuratu ahalko dituzte 20 eurotan, Egala Tabernan eta Herriko Tabernan, eta www.baikopilota.eus web orrialdean. Leihatilan, ostera, 25 eurotan egongo dira. Antolatzaileek sarrera guztiak saltzeko esperantza daukate, 165 sarrera hain zuzen. Izan ere, frontoiko aforoa murriztu dute, 300 ikusletik 165era. Gaur gaurkoz, sarreren salmenta “oso ondo” doala diote.