Busturialdeko enpresetan trebatzeko aukera izango dute bertoko 5 gaztek
Hamar beka jarri dituzte Busturialdeko gazteen eskura aurten. Bost emanda dituzte dagoenerako, eta beste bostak banatuko dituzte orain.
Gaztedi Busturialdea egitasmoari eta Lana bilatzea, Lana da programari esker, eskualdeko enpresetan trebatzeko aukera dute Busturialdeko gazteek. Aurten ere, eskualdeko hainbat udalek Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera hamar formazio beka eskaini dituzte. Horietatik bost banatuta daude, baina beste bost bekak banatuko dituzte orain.
Lanbideren bitartez, Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Nabarniz eta Sukarrietako udalek bultzatzen dute egitasmoa.
Bekadunek ikasitakoa praktikan jartzeko, benetako lan merkatura gerturatzeko eta prestakuntza eta lana uztartzeko aukera izango dute gehienez bost hilabetez. Hori horrela, eskualdeko enpreseta lanekoak ez diren praktikak egin ahalko dituzte. Izan ere, lan arloan esperientzia izatea da beken helburu nagusia: “Esperientzia hori jasoz gero, lan merkatuan errazago sartzeko aukera izango dute gazteek”. Halaber, parte hartzaileek tutoretza eta coaching-a ere izango dute beraien garapenean eta prestakuntzan laguntzeko.
18 eta 25 urteko gazteek edukiko dute beka eskatzeko aukera; 25 eta 30 urte bitartekoek ere eskatu ahalko dute, betiere Gatze Bermea Sistema Nazionalean izena-emanda badute. Beka jasotzeko, baina, hainbat baldintza bete beharko dituzte aurkezten direnek. Langabetuek baino ezingo dute eskaeria egin, eta, horrez gain, Lanbiden izena emanda eduki beharko dute.
Gainera, euren ikasketa maila egiaztatu beharko dute: Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako edo goi mailako titulua, profesionaltasun ziurtagiria edo unibertsitate titulua (diplomatura, lizentziatura edo gradua) izan beharko dute, kasuan kasu. Halaber, aurretiaz jarduera berean hiru hilabete baino gehiagoko lan esperientzia ez izatea eskatzen dute.
Eskaera epea, zabalik. Gaztedi Busturialdea Bekak programan parte hartu gura dutenek Lanbiden eman beharko dute izena, euren telefono zenbakira deituta (945 160 600 edo 630 305 452), edota eskualdeko gazteria zerbitzuetako bulegoetara joan beharko dute.
Beken onuradunen hautaketa prozesua Lanbidegaz batera egingo dute, “enpresek eskatutako profilak oinarri hartuta”. Praktikak enpresen egoitzetan egingo dira, horretarako izendatutako tutorearen zuzendaritzapean eta ikuskapenarekin. Bekadunari, gainera, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean alta emango zaio, lanekoak ez diren praktiken kotizazio-kontuaren kodean. Praktika epea amaitzean, bekadunek enpresaren egiaztagiri bat jasoko dute eta bertan trebakuntza edukiak eta praktikaren iraupena zehaztuta azalduko dira.
Gaztedi Busturialdea proiektuan, “honezkero”, eskualdeko 50 gazte baino gehiagok egin dituztela praktikak zehaztu dute.