Urdaibai, turismo helmuga jasangarria egiaztatzen lehena
Turismo helmuga jasangarri gisa egiaztatzen den Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehenengo gune babestua izango da.
Urdaibaiko Biosfera Erreserba izango da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehenengo gune babestua turismo helmuga jasangarri gisa egiaztatzen. Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitzeko prozesua 2019ko otsailean hasi zen eta etzi amaituko da, auditoretza-talde independente baten bisitagaz; auditore taldeak Biosfera Erreserba Europako Turismo Gutunari atxiki zaiola egiaztatzeko gerturatuko da bihar eta etzi.
Ikuskaritza gainditu eta gero, turismo jasangarriaren arloko Europako aintzatespena izango duen Bizkai, Araba eta Gipuzkoako helmuga bakarra izango da. “Akreditazio hori ekoturismoaren arloko abiaburuetan oinarriturik dagoen turismoa garatzeko ibilbide orria da, ingurumena, gizartea eta ekonomia errespetatzea ardatz duena”, adierazi du Nicolas garcia Borreguero zuzendariak. Akreditazioak, gainera, helburu hori nazioartean ezagutarazteko eta, hartara, “haren kontsebrazioaren eta lurraldearen garapen iraunkorraren arteko orekaren alde egiteko balio du”.
“Jasangarritasunaren ikuspuntutik”, turismoaren garapena sustatzea du helburu Turismo Jasangarriaren Europako Gutunak. Gaur gaurkoz, atxikitutako 168 gune daude, 20 herrialdetan banatuta. Izan ere, Europan turismo jasangarriaren arloan “bikaintasun-lurraldea” izatea dakar horrek. Baita “garapen sozioekonomiko orekatua bultzatzea”, eta “kalitatezko produktu turistikoak garatzea”.
Lankidetza. Urdaibai Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitzeko ekimenak Urdaibai Erreserbaren kudeaketaren alorrean eskumena duten administrazioen inplikazio aktiboa eduki du, baita Busturialdeko turismo enpresarien lankidetza ere.
Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna hiru fasetan egituratuta dago, eta lehenengoaren hasieran abiarazi zuen Urdaibai Biosfera Erreserbak hautagaitzaren dosierra egiteko partaidetza-prozesua. Dosier horretan turismoak bertan duen egoeraren diagnostiko bat aurkeztu zuten, baita turismo jasangarria eta kalitatezkoa sustatzeko dituzten helburuak zeintzuk ziren eta hurrengo 5 urteetan garatzeko ekintza-planak zeintzuk diren. Guzti hori Turismo Jasangarriaren Foro Iraunkorrak, Gutunaren lantaldeak eta Mahai Teknikoak garatu dute.
Foro iraunkorra partaidetza eta eztabaida organo bat da, turismo sektoreari loturik dauden eragile publiko eta pribatu guztiekin lan egitea ahalbidetzen duena. Foro hori funtsezkoa da ekiuntza-plana behar bezala ezartzen dela bermatzeko, eta lurraldearen garapen turistikoan modu koordinatuan lan egiteko ere, “jasangarritasunerazko partaidetza-irizpideak oinarri hartuta”.