Jende pilaketak ekiditeko "neurri eraginkorrik" hartu ez izana leporatu dio EH Bilduk udalari
Gernika-Lumoko ez-jaietan gerta zitekeena aurreikusi arren, udalak ez dituela prebentzio egitasmo "egokiak" diseinatu uste du EH Bilduk.
Gernika-Lumoko ez-jaiak direla eta, COVID-19an positibo eman duten 150 pertsona baino gehiago agertu dira udalerrian. Egoera horren aurrean, norbera dela bere eta ingurukoen osasunaren arduradun nagusienetakoa adierazi du Gernika-Lumoko EH Bilduk, baina udalak ez zituela jende pilaketak ekiditeko “neurri eraginkorrak” hartu adierazi du.
“Gerta zitekeena aurreikusi arren, ez dira gai izan prebentzio egitasmo egokia diseinatzeko”, azaldu dute koalizio abertzalekoek. Gainera, hainbat ostalarik egindako laguntza eskaerei ez zietela erantzunik eman, eta eurek aurkeztutako proposamenak baztertu zituztela esan dute: “Aforoa tabernetan baino gehiago kalean kontrolatzea eskatu genuen, baita eremu batean jendea pilatzen hasi orduko kale horretako sarbidea moztea, edota erdiko kalea trafikora tarteka ixtea ere”.
Halaber, “komunikazioa oso modu traketsean” egin dela esanez, errudunak seinalatu eta herrian alarma sortu dela salatu dute: “Agintariek ez dute oraindik publikoki zehaztu gaueko aisialdiko gunea zein den. Baina gazteenak ibili ohi diren Juan Kaltzada kalea seinalatu dute eta hango tabernen irudiak besterik ez dituzte erakutsi komunikabideek, eremu eta adin tarte bati kutsaduren erantzukizun osoa egotziz”.
Aldi berean, alkateak, birusa “edozein kaletan” eta “sakabanatuta” dagoela esan zuen, gernikarrei PCR probak egiteko eskatuz. “Adierazpen horien lehen irakurketan guztiok bagenekiena uler zitekeen, kutsapenak adin eta leku guztietan agertzen ari ziren, eta beste guneetatik ibilitakoek ere proba egin behar zutela. Baina mezuaren zehaztasun faltak, transmisio komunitarioa eta konfinamendu moduko berba potoloekin batera, alarma eta izua eragin zituzten herritarrengan”, diote EH Bildukoek. Eta adierazpen “arduragabe” horiek “ia kolapsora” eraman dituztela osasun zerbitzuek jarritako ezohiko baliabideak esan dute, “probak egiten ere behar ez zutenak ere hurbildu zirelako ospitalera”. Horrek emaitzetan atzerapenak ekarri dituela, eta, ondorioz, pertsona positiboen kontaktuak beranduago identifikatu eta isolatzea ekarri duela diote.