Hezkuntza sailak hartutako neurriak "ez direla nahikoa" uste dute sindikatuek
Jaurlaritzaren protokoloa "berandu eta gaizki" heldu dela diote: "Ikasturtea hasteko egunak falta dira eta langileon ordezkariekin partekatu, elkarbanau eta adostu gabeko protokoloa da".
2020-2021 ikasturtea hasteko protokoloa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, eta ezarritako neurrien aurka agertu dira sindikatuak. Egindako aldaketa nagusiak ikasturtea hasteko eguna eta 1.000 irakasle kontratatzeko aurreikuspena dira. Hori horrela, protokoloa “berandu” heldu dela eta hartutako neurriak ez direla nahikoak salatu dute sindikatuek.
Jaurlaritzak neurriak “berandu” hartu dituela eta “zalantzaz beteta” daudela adierazi du Steilasek. Ana Perez bozeramaileak kritikatu du neurriak abuztu amaieran jakinarazi dituela Jaurlaritzak.
ELAk ere Jaurlaritzaren protokoloa “berandu eta gaizki” heldu dela dio: “Ikasturtea hasteko egunak falta dira eta langileon ordezkariekin partekatu, elkarbanau eta adostu gabeko protokoloa da”. Dokumentuan jasotzen diren neurri gehienak lehendik datozela diote, berrikuntza bakarra itzulera mailakatuarena dela azpimarratuz. “Horrek osasun prebentzio aldetik berme gehigarririk ez dakat”.
LABen arabera neurriak “ez dira nahikoa” izan: “Eusko Jaurlaritza motz eta itxurakerian agertu da, neurririk adostu gabe eta hezkuntza komunitateak dituen beharrei entzungor eginez”. Izan ere, hezkuntza sailak “aldebakartasunez” eta “era inprobisatuan” jokatu duela uste dute LABekoek: “Ez du ikasturte hasieraren nolakorasuna, plangintza, protokoloak, perbentzio planak eta hornikuntza adostu gura izan sindikatuekin”.
Halaber kontratazio horiek irakasleei buruzkoak bakarrik direla salatu dute sindikatuek. “Sukalde eta garbiketan, hezitzaileetan… ez da aurreikusten langile gehiago kontratatzea”.
Negoziazio foroak. Steilas sindikatukoek, hezkuntza sailari exijitu diote ikasturte berriari begira “ezinbesteko neurri” batzuk ezartzeko, “ikasle guztiei aurrez aurreko hezkuntza bermatzeko”. Horretarako, neurriak negoziatzeko eta adosteko gaitasuna duen elkarrizketa foro bat sortzeko deia egin dute, “bazterketarik gabeko hezkuntza-komunitateko eragile guztiak barne hartuko dituena”.
Hezkuntza-ingurune segurua eta langileen eta ikasleen osasuna bermatzen duena gura dute. Horretarako, ikastetxe bakoitzerako kontingentzia-planak egitea eskatu dute. Baita ratioak jaistea, irakaslegoa handitzea, espazio alternatiboak planifikatzea eta langile zaurgarrienentzako babes berezia izatea. “Neurri horiek guztiak epe laburreko eta ertaineko plangintza batean zehaztea eskatzen dugu, behar duten inbertsioarekin. Neurri hauek aldarrikatuko ditugu ezarri arte”, azaldu dute.