Gautegiz Arteagako San Antolin jaiak bertan behera utzi dituzte
Osasun neurriak mantentzeko helburuagaz eta herritarren segurtasuna bermatzeko asmoagaz hartu dute erabakia.
Irailaren 2an San Antolin eguna ospatzen dute Gautegiz Arteagarrek, baina aurtengo festak bertan behera uztea erabaki du udalak.
Osasun neurriak mantentzeko helburuagaz eta herritarren segurtasuna bermatzeko asmoagaz, “pena handiz” asteburuan ospatzekoak ziren Antolin Deunaren jaiak bertan behera uzteko “beharrizana” izan dutela zehaztu du Juan Felix Naberan herriko alkateak. Aurten, Karmengo eta San Lorentzoko baselizen inguruan ospatzen zituzten jaiak ere bertan behera utzi behar izan dituzte.
Herritarren erabakia ulertzea espero du alkateak: “Asko eskertzen dugu denon erantzukizuna, ulergarritasuna eta laguntza. Ziur gaude datorren urtean gure jai eta ohiturak berreskuratuko ditugula ilusio eta gogo handiagoarekin”.