Nadia Colhado pibota, Lointek Gernika Bizkaiara
Pibotaren fitxaketagaz talde gernikarraren barneko jokoa orekatzea bilatu dute.
Nadia Gomes Colhado da Lointek Gernika Bizkaiaren bosgarren fitxaketa. Pibotaren fitxaketagaz talde gernikarraren barneko jokoa orekatzea bilatu dute klubaren arduradunek.
Europako ligetan esperientziadun jokalaria da Colhado. Hain zuzen, Flammes Carolo talde frantziarretik helduko da Gernikara. Bertan, bost norgehiagoka bakarrik lehiatu zituen, batez beste 12 minututan 6,4 puntu eta 4 errebote eskuratuz. 2019ko urte amaieran saskibaloia alde batera utzi behar izan zuen, zituen arazo fisikoak sendatzeko; hain zuzen, Gironan jokatzen zuen bitartean eskumuturrean izadako ebakuntza eta tendinitis batetik osatu beharra zeukan.
Brasildarrak duela urte batzuk WNBAn ere jokatu zuen, hiru sasoitan 27 partida lehiatuz. Duela hiru urte, gainera, Euskal Herrian aritu zen, IDK Euskotrenen. Orduan, Emakumezkoen Endesa Ligako jokalari onenetariko bat izan zen, eta sasoi amaieran MVPa izendatu zuten. Ondoren, Uni Gironara joan zen, eta 2018/2019 denboraldian bataz beste 11,3 puntu eta 6,8 errebote lortu zituen.
Brasildarra Lointek Gernika Bizkaiaren eskutik Emakumezkoen Endesa Ligara itzultzeko gogo asko ditu: “Anbizio handiko eta ideia oso argiko proiektu batera nator. Espektatibak oso altuak ditut eta taldeari eta kideei laguntzeko desiratzen nago”. Malosten granatez jantzita jokatzeko gogo asko ditu pibotak, “kantxa oso beroa” delako eta kantxan eta zaleen artean “hurbiltasun asko” dagoelako.
Mario Lopezek talde gernikarraren azken fitxaketak esperientzia asko duela esan du: “Nadiaren fitxaketarekin gure barneko jokoa orekatzen dugu. Denbora luzean lesioetatik errekuperatzen egon ondoren, datorren denboraldian bere bertsiorik onena berreskuratu nahi dugu Malosten. Gure taldearen filosofiara ezinhobeto egokitzen den jokalaria da; errebotea, esperientzia, ahalmen fisikoa eta puntuak emango dizkigu uztai azpian”.
Nadia Colhadorekin Lointek Gernika Bizkaiak bere barne jokoa osatu du Nogaye Lo eta Margaret Roundtreeren jarraipenekin eta Paula Ginzoren fitxaketagaz. Kanpoko lerroan, aldiz, talde gernikarrak Itzi Ariztimuño, Laura Cornelius, Roso Buch, Marta Alberdi, Milica Ivanovic eta Belen Arrojo izango ditu.