Mikroenpresei eta ostalariei zuzendutako diru laguntzak onartu ditu Kortezubiko Udalak
Guztira, 12.000 euro bideratuko dituzte indarrean dagoen udal aurrekontutik.
Kortezubiko Udalak COVID-19ak kaltetu dituen ostalaritza establezimendu, autonomo eta beste jardiera batzuei zuzendutako diru laguntzak onartu ditu. Horretarako, 12.000 euroko diru saila onartu dute.
“Hainbat ostalarik eta autonomok izugarrizko galerak jasan dituzte koronabirusaren ondorioz, beraien jarduerak eten edo murriztu egin behar izan dituztelako. Galera ekonomiko horiek zelan edo halan arintzeko asmoz, 2020 ekainaren 10ean ospatutako ohiko bilkuran, udalbatza osoak, udal kopetentziei dagokionez, aho batez onartu du 12.000 euroko diru saila”, adierazi dute udal agintariek.
Laguntza horiek emateko diru sail “nahikoa” dagoela udal aurrekontuan zehaztu dute, eta 12.000 euroko diru laguntza hori 430.481 euroko diru sailetik bideratuko dutela jakinarazi dute.
Zuzeneko laguntzak emango dituzte, interes publiko, ekonomiko eta sozialeko arrazoiak daudelako. “Diru laguntza horien izaera berezia diru laguntza horiek eragin dituzten gertakarien ohiz kanpoko izaera bakarretik eta aurreikusi ezinetik eratortzen da”, adierazi dute. Hori horrela, osasun krisiaren ondorioz kaltetuak izan direnek eskatu ahalko dituzte, sarrerak eta enpleguak murriztu bazaizkie.
Bestelako neurriak. Kortezubiko Udalak jakitera eman duenez, gainera, zabor eta uraren tasak itzuli egingo zaizkie halaxe eskatzen duten ostalari eta autonomo kalteuei; jarduera etenik egon den bitarteari dagokion tasaren zenbatekoa izango da itzuliko dutena.
Trakzio mekanikoko ibilgailuen zergaren kobrantzari dagokionez, irailaren 1era atzeratuko dute. Herriko Tabernaren errentaren ordainketa, berriz, barkatu egingo du udalak, “jarduera etenda egon den aldikoa”.
Horrez gainera, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen mankounitateari egindako ekarpen ekonomikoa %10 handitzea adostu zuten osoko bilkuran.