Gizon bat atxilotu dute Gernikan, adingabe bati sexu abusuak egiteagatik
Atzo gauean, Ertzaintzak 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Gernikan, Bilbo eta Bermeo arteko trenean zihoan adingabe bati sexu abusuak egitea leporatuta.
Ertzaintzak 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Gernikan, “adingabe bati sexu abusak egiteagatik”. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, erasoa atzo 23:30ak aldera gertatu zen Bilbo eta Bermeo arteko tren bagoi batean.
Ertzaintzak dionez, adingabea bakarrik zihoan bagoiko eserlekuan gizonezko bat hurbildu zitzaionean. “Sexu keinuak egiten hasi zen, eta, azkenean, adingabeaz abusatu zuen. Ezezaguna behin eta berriz saiatu zen adingabeari ukituak egiten, eta saiakeren aurrean, biktima bagoitik atera zen”. Etxera iritsi zenean, haren senideei gertatutakoaren berri eman zien, eta haiek Ertzaintzari deitzea erabaki zuten.
Salaketaren aurrean, ertzainak Gernikako tren geltokira hurbildu ziren, eta biktimak emandako deskribapenagaz, ustezko erasotzailea aurkitu eta atxilotu zuten, “ustezko sexu abusu delitu bat egotzita”. Hark adingabeagaz kontaktua izan zuela aitortu zuen. Atxilotutakoa Donejakue Bidea egiten ari zela uste du Ertzaintzak.