IV. Berdintasunerako Plana gauzatzeko izapideekin hasi da Gernika-Lumoko Udala
Parte hartzeko prozesu bat ireki du udalak, herritarren iradokizunak jasotzeko. Ekarpen horiek irailaren amaierara arte egin ahal izango dira.
Emakume eta Gizonezkoen Berdintasunerako IV. Plana jarri du martxan Gernika-Lumoko Udalak, LGTBI kolektiboa kontuan hartuta.
Laugarren edizioa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren, genero-indarkeriaren prebentzioaren eta biktimen arretaren arloko udal politika antolatzeko eta planifikatzeko egiten dela jakinarazi dute udal arduradunek.
Irati Martinez Agirrezabala berdintasunerako eta herritarren partaidetzarako zinegotziak adierazi duenez, planak “beharrezko tresnak emango dizkio udalerriari emakumeen eta gizonen eta LGTBI kolektiboa osatzen duten pertsonen arteko berdintasun eraginkorra bermatzeko, bai eta edozein diskriminazio mota desagerrarazteko ere, asmo handiko parte hartze prozesu baten bidez”.
Proposamen honek eutsi egiten diela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan udal jarduera gidatu duten ardatz estrategiko gehienei esan dute. Baita ere udal kudeaketan berdintasunaren zeharkakotasunari, genero indarkeriaren prebentzioari eta biktimen babesari, berdintasunean oinarritutako hezkuntzari eta emakumeen parte-hartze publikoari. “Era berean, Gure herrian dokumentua egiteko diru-laguntza ematen duen erakundea den Emakundek diseinatutako Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana ere kontuan hartuko du”, jakinarazi du Martinez Agirrezabalak.
Parte hartze prozesua. Orain, parte hartze prozesua jarriko dute martxan, eta urrian amaitzea aurreikusi dute. Ondoren, hura garatuko dute 2021ean indarrean jarri ahal izateko.
Partaidetza prozesua ezin izango da presentziala izan, “osasun- arrazoiak tarteko”. Beraz, hala nahi duten erakundeek edo herritarrek irailaren amaierara arte izango dute aukera iradokizunak edo zalantzak aurkezteko, berdintasuna@gernika-lumo.net posta elektronikoaren bidez.
Halaber, udazkenean berdintasunaren arloan erreferenteak diren eragile sozialekin harremanetan jartzea aurreikusi dute udal agintariek, hala nola, ikastetxeekin, udalerriko Berdintasun Kontseiluarekin edota tokiko elkarteekin.