Azaleko minbizia saihesteko aholkuak eman dituzte
Erakusketa bat ere martxan jarri dute, eguzkitik babesteko lehengo eta gaurko metodoak alderatzeko. Arratsaldean Bermeoko Lameran egongo dira, 16:30etik 19:30era.
Azaleko minbiziari buruzko prebentzio kanpaina iritsi da Busturialdera. Uda honetan, eguzkiarekin jolasik ez lelopean, Gernika-Lumoko Picasso kalean jarri dute postua Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteko kideek. Arratsaldean, berriz, Bermeoko Lameran egongo da, 16:30etik 19:30era.
Azaleko minbizia gero eta gehiago ematen den tumorea dela azaldu dute, eta eragina urtez urte “handitzen” doala diote, kontzientziazio faltagatik. Hala, prebentzio kanpaina burutzen ari dira, eta eguzki izpien aurrean azala osasuntsu mantentzeko hartu beharreko neurrien azalpenak eman dituzte udalerrian, “eguzkia modu desegokian hartzea baita arriskurik handiena”.
Aurten, COVID-19aren ondorioz, informazioa bakarrik eman dute, ezin izan baitute melanina hartzeko probarik egin; aurreko urteetan proba horiek burutzen zituzten.
Erakusketa. Egoerari aurre eginez, gainera, erakusketa bat prestatu dute: “Probak egin ezin ditugula eta, bestelako zerbait antolatzea pentsatu eta erakusketa egin dugu. Erakusketan, urtez urte eguzkitik babesteko neurriak zelan aldatu diren azaldu dugu”.
Azaleko minbizien %80 saihestea posible litzateke, haurtzarotik babes neurri egokiak hartuko balira. Horregatik, oso garrantzitsua dela prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra azaldu dute.