Urdaibai Bir Centerrek boluntario programa bat deitu du udarako
Bertan parte hartu gura dutenek Urdaibai Bird Centerrek webgunean aurki daitekeen inprimakia bete beharko dute, eta hori egiteko azken eguna da uztailaren 10a.
Ingurumenagaz eta naturako turismoagaz lotutako arloetan esperientzia hartzea helburu duen boluntarioen programa abiatu du Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek. Hain zuzen, ingurumen hezkuntzaren eta ekoturismoaren eta ikerketaren arloan gaitasunak garatzea bilatzen du programak.
Esperientzia programa hori uztailaren 15etik irailaren 15era bitartean gauzatuko dute, eta gehienez hiru izango dira parte hartuko duten boluntarioak; lau txanda antolatuko dituzte.
Boluntarioek ingurumen hezkuntza eta Urdaibaiko natura baliabideen dibulgazioa gauzatu beharko dute, “bisitariei informazioa eta arreta emanez”. Gainera, padurako hegaztiak behatzeko eta interpretatzeko jarduerak zuzenduko dituzte, eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserban dauden hegaztien jarraipen eta monitorizazio proiektuetan parte hartuko dute. Hegaztien habitataren kudeaketagaz lotutako proiektuetan ere parte hartzeko aukera izango dute hautatuek.
Kanpainan parte hartzen duten pertsonek Urdaibai Bird Centerren instalazioetan ostatu hartzeko aukera izango dutela adierazi dute arduradunek. Hori bai, mantenua eta joan-etorriak boluntarioen ardura izango direla zehaztu dute.
Uztailaren 10a. Bertan parte hartu gura dutenek Urdaibai Bird Centerrek webgunean aurki daitekeen inprimakia bete beharko dute, eta hori egiteko azken eguna da uztailaren 10a. Arduradunek jakinarazi dutenez, hautagaiei uztailaren 11n jakinaraziko zaie hautatuak izan diren edo ez. Boluntariotza bukatzerakoan, gainera, boluntarioek aldi horretan egindako lanen gaitasun ziurtagiria jasoko dutela nabarmendu dute.
Izena ematen dutenen artean, parte hartzearen arrazoiak kontutan hartuko dituzte, baita ere boluntarioek esperientziarik edota ezagutzarik duten ornitologian, ekologian edota ingurune naturaletan. Urdaibaiko Biosfera erreserbako natura balioei buruzko ezagutzak izatea ere garrantzitsua dela aitatu dute. Halaber, jendearen arretarako esperientzia edota hizkuntza gaitasuna ere aintzat hartuko dituztela jakinarazi dute.